Sasi-berezi eta bere lagunak, Mañariko inauteriak girotzera datozen gonbidatu berriak

Joseba Derteano 2024ko ots. 7a, 08:50

Mañariko karnabalek bisitari bereziak izango dituzte aurten: Sasi-berezi artzaina, mozoloa, aurpegi zuriak, aurpegi beltzak eta gehiago. Errose Bustintzaren ipuin bateko pertsonaiak dira batzuk, eta herritarren imajinaziotik irtendakoak besteak. Denekin karnabalei loturiko istorio bat kontatuko dute otsailaren 10ean, 17:00etan. Herrigune osoa izango da eszenatokia, kalerik kale ere ibiliko dira eta. 

Kafraga elkartetik irten zen ideia, eta herritarren eta herriko elkarteen lankidetzari eskerrak gorpuztu dute, udalaren laguntzagaz. Karnabalen beste eredu bat proposatu gura dute, herriko tradizioan eta mitologian oinarritzen dena, ohiko eredu kontsumista eta komertzialetik urrunduta. Horregaz batera, herritarrak eta gazteria egun horretan herrian geratzea gura dute, karnabalekin Mañarian bertan gozatu dezaten. Alde horretatik, antolatzaileak pozik daude. "15 urtetik 22 urtera arteko gazte asko gogotsu dabil eta hori inportantea da, eurak direlako etorkizuna eta honi jarraipena emango diotenak", azaldu du Kafraga elkarteko Paul Aranak. 

Errose Bustintzaren ipuina
Ikuskizunaren sorburua Errose Bustintza idazlearen (Mañaria, 1899-1953) Jentillen bola-lekua ipuina da. Behin, jentil batzuk bola-jokoan ei zebiltzan Untzillatx inguruan. Eurei gura barik ihes eginiko bola batek hainbat zuhaitz eraitsi zuen eta euretariko batek Kukin artzaina jo eta hil zuen. Jentilak estutu eta penatu egin ziren, estimuan zutelako Kukin, egunero ardi-esnea eroaten zien artzaina. Eginahalak eginagaitik ezin izan zuten artzaina biztu, eta euren eskuekin mutil berri bat egitea pentsatu zuten: zotzezko oin-behatzekin, arto-lastozko besoekin, bildots-larruzko sabelagaz, zurezko eskuekin… Inguruan hegan zebilen mozolo bat barre-zantzoka hasi zen mutil sortuberriaren itxura ikusi zuenean eta Sasi-berezi izena ipini zion.

Otsailaren 10ekoa
Ipuinetik hartu dituzte kale-ikuskizuneko pertsonaia nagusi biak: Sasi-berezi eta mozoloa. Eurekin historio berri bat sortu dute, pertsonaia berriak gehituta. Otsailaren 10ean Sasi-berezi herrira jaitsiko da, lagun dituen aurpegi beltzekin. Herritarrek ongietorri beroa egingo diote karnabaletan, ohikoak diren tostadak egiteko ahuntz esnea dakarrelako. Baina orduan mozolo maltzurra eta bere aliatuak agertuko dira, aurpegi zuriak, eta dena trabestuko da. Hauek helburu bakar bat dute, esneontzia ostea. 

Sasi-berezi eta bere lagunak kalerik kale ibiliko dira pregoilarien laguntzagaz. Azken hauek koplak abestuko dituzte, istorioa kontatuz eta jendea kalera irtetera animatuz. Heroiek esnea jubilatuei emango diete, tostadak egin ditzaten, eta azken liskar bat izango dute aurpegi beltzekin. Nork irabaziko ote du? Bertara doanak deskubrituko du. Segurua dena da ez dela tostadarik, txokolate berorik, musikarik eta jai-girorik faltako bertaratzen direnentzat. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!