"Errusian, bezero batek berak ehizatutako hartz bategaz hegan egin zuen"

Aitziber Basauri 2024ko ira. 15a, 10:25

EHUn Arteetan lizentziatu ondoren, Arantzazu Beitiak (Elorrio, 1991) hegazkineko zerbitzari izateko ikasketak egin zituen, Sevillan (Espainia). Lehen hegaldia 2016an egin zuen, CanaryFly airelineagaz. Air Nostrum eta Swift Air konpainiekin ere lan egin zuen, 2020an Wakaf Air airelineagaz jet pribatuetan hasi aurretik. 

Zelakoak dira hegaldi pribatuak?
Hawker 800 XP hegazkinetan lan egin dut. Lau jesarleku ditu, sofa bat, ohea... Kapritxo bat gura izanez gero, 2.000 eurogaitik ordu erdiko hegaldia duzu. Zerbait berezia egiteko, despedida baterako... alokatu daiteke. Broker batek zerbitzua kudeatu eta prezioa negoziatzen du.

Famatuekin ere hegan egin duzu?
Bai! (barrez) Futbolari askogaz (Tebas, Varane, Dembélé, Griezmann...) eta zenbait politikari eta artistekin ere bai. Behin, Londrestik (Erresuma Batua) Donostiara pintore ezagun bat ekarri genuen. 

Zerk eraman zintuen hegazkineko laguntzaile izatera?
Asko mugitzekoa naiz. Gainera, aitaren lehengusu bat pilotua da eta askotan ikusten nuen. Bakarrik bidaiatzen hasi nintzen, eta gero, bidaiatzeko grina egunerokotasunagaz zelan bateratu pentsatu, eta horrela erabaki nuen laguntzaile izatea.

Hainbat herrialdetan ibili zara, baina ezagutu dituzu leku horiek?
Bai. Errusiara askotan joan naiz; bezerorik gehienak errusiarrak ziren. Afrikan eta Europan ere asko ibili naiz. Frantzian eta Suitzan, adibidez, hegaldi pribatu asko egoten da. Enpresa bidaiak nituen gogoko. Dena oso lotuta zegoen, buelta ere bai. Eta izan zitekeen astebete egotea toki batean. Baina, beste batzuetan, tentsio uneak ere bizi izan ditut. Milanera (Italia) erosketak egitera joandako bezeroa noiz bueltatuko zen ez genekien. Gertatu zitekeen 03:00etan deitzea, eta momentuan kudeatu behar izatea dena: cateringa, xanpaina...

Kapritxo asko dute bezeroek? 
Batzuk oso hurbilekoak eta umilak dira, ez dute molestatu gura. Eta beste batzuk oso bereziak dira. Hegazkinean denerik eraman dugu: surf-oholak, koadroak... Errusian, bezero batek berak ehizatutako hartz bategaz hegan egin zuen. Israelen igotako beste batek errezatzen egin zuen 2-3 orduko ia hegaldi osoa, ezer eskatu barik. 

Orain bidaia agentzia batean zaude.
Ukrainako gerragaz eten bat egon zen. Ezin genuen hango aire espazioa zeharkatu, eta asko jaitsi zen lana. Euskal Herrira bueltatu nintzen. Ez zen erabaki erraza izan. Sektorean lan egiteko aukerak ditudan arren, hegaldi pribatuetan ibili eta gero gatx da komertzialetara bueltatzea. Baldintzak beste era batekoak dira eta azafata lana ez da oso bateragarria bizitza pertsonal egonkor bategaz. Hoteletan bizi izan naiz, maleta bategaz. Egun bat Errusian, bestea Afrikan... edo azken momentura arte nora noan jakin barik.

Hala ere, horren falta igartzen duzu?
Denbora askoan zaude bakarrik, eta tentsio uneak daude. Estres handia da, bezeroari erantzun egin behar zaiolako, eta batzuetan ez da erraza. Baina zirrara horren falta igartzen dut, bai.

Norako hegazkina hartuko zenuke?
Zeelanda Berrirakoa, inoiz ere ez naiz egon eta. Txina eta Japonia ingurura ere bai. Banabil hegaldiak begiratzen (barrez). 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!