Peru Arrasate durangarrak eta Markel Jaio aulestiarrak —Durangon bizi da— Everesting izeneko erronka burutu dute asteburuan. Erronkak honetan datza: Everest mendiak duen garaiera, 8.848 metro, oinez edo bizikletan metatzea, irteera bakarrean.
Arrasatek eta Jaiok errepideko bizikletan egin dute. 35 bider igo dute Markinatik Aulestirako Lekoitz-Gane mendatea. Barikuan goizaldeko 05:20an eman zuten lehenengo pedalkada eta 13 ordu eta 14 minutu geroago amaitu zuten erronka. Guztira, 9.069 metro metatu zituzten aldapa gora.
Egun eguzkitsua izan zen eta beroak erronka "gogortu" zuela adierazi du Arrasatek. Mentalki ere sufritu zuten. "Hamargarren ordutik aurrera burua nekatuta dago eta kosta egiten da egoerari buelta ematea".
Oraingo hau ez da biek elkarrekin Everesting egiten duten lehenengo aldia. Orain hiru urte Urkiolan egin zuten.
Erronka gehiago aurretik
Asteburu bi barru Lemoizko Ultracycling erresistentzia proban parte hartuko du Arrasatek. Parte hartzaileak 21 kilometroko zirkuituari itzuliak ematen arituko dira, 24 orduz geratu barik.
Uztail amaieran, berriz, Basajaun erresistentzia proban arituko da. Euskal Herri osotik doan 850 kilometroko —15.000 metroko desnibel metatuagaz— zirkuituari aurre egin beharko diote parte hartzaileek hainbat egunetan. Hain zuzen, proba honi begirako prestakuntza lez egin du Everesting erronka.