“Teiden, goizaldeko ordu bietan eta lur jausi arriskuagaz; egoera horretan ikusi nuen neure burua"

Joseba Derteano 2024ko api. 20a, 10:25

Txaber San Pedro (Elorrio, 1984) elorriarrak Granguanche 'non stop' proba egin du Kanariar uharteetan. Bost etapatan banatuta ia 800 kilometro egin ditu, 17.000 metroko desnibel positiboagaz. Etapa batetik bestera, irlaz aldatu behar izan du, hamaika oztopo gaindituz.

Odisea handi bat izan da. Dela bizikleta matxuratu zaiolako, dela ferrya galdu duelako, dela 'track'-ak okerreko ibilbidetik bidaltzen zuelako… Oztopo bat gainditu orduko beste bat sortzen zitzaion. Dena bertan behera uztekotan izan da momentu batean baino gehiagotan, baina burugogorra izaki eta familiaren bultzadagaz, erronka guztiak gainditzea lortu du. Bizitako abenturen bideo kronikak @xelaitxo Instagram kontuan ipini ditu.

A zelako odisea bizi izan duzun, Txaber.
Benetan be. Lehenengo etapako goizaldean bizikletako aldagailua apurtu zitzaidan. Lanzaroteko basamortuaren erdian, katea bizikletan zintzilik neukan. Imajinatu nire umorea! Une horretan, probatik kanpora ikusten nuen neure burua. Ez naiz trebea mekanika kontuetan, baina Youtuben bilaketa bat eginda, barruko torloju bat estutu eta aldagailua konpontzea lortu nuen… baina ez guztiz. Piñoi bi baino ezin nituen igo eta jaitsi. Ondorioz, ordutik aurrera, aldats gora ezinean nindoan, garapen txikiegiagaz, eta aldats behera, ostera, neukan dena eman ezinda. Baina, tira, amaitu nuen etapa zelan halan.

Baina bizikletak matxuratuta jarraitzen zuen.
Biharamuna domeka zen. Goizeko seietan ferrya hartu nuen, Fuerteventurara. Domeka batean, non aurkituko nuen bizikleta konpontzeko denda bat zabalik Fuerteventuran? Inon ez. Goma bategaz nik neuk beste konponketa txiki bat eginda eta bizikleta piñoiren bat gehiago aldatzeko moduan ipinita, beste 160 kilometro egin nituen, aldats gora sekulako ahaleginak egiten eta aldats behera denbora galduz.

Etapa apur bat laburtxoagoa izan balitz…
...Kanarietarako ferrya hartuko nuen. Ni heldu baino 20 bat minutu lehenago irten zen. Portutik gertu gela bat alokatu eta han eman nuen gaua, oso nekatuta. Biharamunean portua zela uste nuen tokira joan nintzen, baina ez zen han, urrunago zegoen. Bertaratu nintzenerako ontziratzea itxita zegoen eta 20 bat lagun portuan geratu ginen, itsasontziari agur egiten. "Dena niri gertatu behar zait?", pentsatu nuen. Eguerdian hartu nuen Kanarietarako itsasontzia. Han bai, han bizikleta konpontzea lortu nuen, denda batera eramanda. Zelako poza! Etapari aurre egiteko animoa eman zidan.

Azkenean argi apur bat.
Benetan be. "Txar guztia pasatu dut, aurretik datorren guztiak ona izan behar du", pentsatu nuen. Eta eskerrak aldagailua konpontuta neukala, ze aurretik zetorrena ez zen edozer: Kanarietan 3.600 metroko desnibela nuen, eta Tenerifen 4.200ekoa. Kontuak kontu, bazkaldu eta etapari topera ekin nion! Beste poz bat hartu nuen handik gutxira. Kotxe batetik bozina jo zidaten. Burua biratu eta… Euskal Herriko lagun batzuk! Kanarietan oporretan zeuden, eta gure GPSak irekiak zirenez, han bilatu ninduten. Eta aurkitu ere bai. Ilusio handia egin zidan.

Bizipoz dosi guztiak ondo datoz horrelako proba batean. 
Jakina! Azkenean ordu asko dira bizikletan, eta ordu asko bakarrik. Fisikoki gogorra da, baina oraindino gogorragoa da psikologikoki. Oztopo asko sortu daiteke bidean. Mentalki lan handia egin behar duzu zeure burua animatzen.

Goian amaitu zenuen eguna. 
Bai. Tira, afaltzeko tokia txarto kalkulatu eta afaldu barik geratu nintzen, baina pasaturiko guztia pasatuta… hori ez dut desgrazien zerrendan sartuko (barrez). Zurezko mahai batean lo egin nuen, ordubetez. Trapu bat eginda hartu nuen Teneriferako itsasontzia. Hurrengo eguneko arratsaldera arte ez neukan ferryrik El Hierrorako, eta, denbora nuenez, Tenerifeko etapa zati bitan banatzea erabaki nuen, bien artean atseden hartzeko gela bat hartuta. Kontua da nekearen nekeaz ezin izan nuela lorik egin. Horrela hasi nintzen Teide mendia igotzen, gauez. Zelako aldatsak dauden Kanarietan eta Tenerifen! Halakorik!

Eta orduan amaitu zen ekaitzaren osteko barealdia. 
Telefonoa jotzen hasi zen momentuan bertan. Hartu nuen. Antolakuntzakoak ziren. "Txarto zoaz, Txaber, ibilbidetik kanpora zaude", esan zidaten. Baina zelan zitekeen? GPSari jarraitzen nenbilkion eta! Kontua da iazko ibilbideari jarraitzen nenbilkiola, aurtengoari barik. Akatsen bat egon zen track-ak bidaltzerakoan. Ez hori bakarrik: zonalde hartan lur jausi arriskua zegoela eta handik lehenbailehen irteteko eskatu zidaten. Teiden, goizaldeko ordu bietan eta lur jausi arriskuagaz. Egoera horretan ikusi nuen neure burua. Bide berri bat bilatzeko, 800 metroko desnibela jaitsi behar izan nuen eta… berriro aldats gora. Baina zelako aldatsak! %28, %30… markatzen zidan erlojuak. Ordu eta erdian bizikleta eskuan hartuta, eta oinez. Egia esanda, une horretan psikologikoki hondoa jo nuen. Emazteak telefonoz deitu zidanean, etsi egingo nuela esan nion. "Ezta pentsatu ere", agindu zidan. Esan zidan ez zela astebetean gure hiru seme-alabekin geratu nik etsi nezan. Arrazoi zuen. Beste batzuk ahalegin handia egiten zebiltzan ni han egoteko. Egoerari aurre egin behar nion. Bere bultzada oso garrantzitsua izan zen niretzat. Aupada horri eskerrak amaitu nuen etapa. Azken etapan, El Hierrokoan, bizikletaren balaztagaz izan nituen arazoak, baina amaitzea lortu nuen. 130 partaidetatik 30. izan naiz.  

Bizikletak ere sufritu du berea proba horretan. 
Oraindino tailerrean dago. Horregaz dena esaten dizut. Zegoen moduan eraman nuen Elorriaga bizikleta dendara, poltsa eta guzti. "Zaindu ondo, mimatu eta pasatuko naiz bila", esan nien. Balazta, erruberak… Konponketa asko behar ditu.

Granguanche izan da egin duzun tankera horretako probarik gogorrena?
Fisikoki ez. Nire lehenengo 'non stop'-a Euskal Herriko Basajaun proba izan zen. Pandemia aurretxotik bizikletan nabilenetik egin dudan erronkarik gogorrena da. 840 kilometro eta ia 17.000 metroko desnibel positiboa. 

Baina Kanariar uhartekoak muturrera eraman zaitu mentalki.
Hori bai. Basajaunen izan ez nituen bestelako arazoak izan ditut, kontatu ditudan guztiak. Gainera, ez nengoen etxetik gertu. Laguntza oro urrun zegoen. Neuk atera behar nituen babak eltzetik. Baina egoera guztiei aurre egin nien eta harro nago. Esandako moduan, urte gutxi dira bizikletan nabilenetik. Ez naiz oso txirrindulari fisikoa, baina bai burugogorra, eta horrek emaitzak ematen ditu. Horregaz geratzen naiz eta baita gozatu ahal izan ditudan paisaiekin ere. Bizikletan paisaiak kotxez eta oinez ez bezala gozatzen dira. Mundua beste era batera ikusten da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!