[ARGAZKI GALERIA] Mañariko Hontza Museoaren 10. urteurrena ospatu dute

Anboto 2024ko aza. 14a, 19:34

Askotariko udal, erakunde eta elkarteetako ordezkariak batu ditu ekimenak.

Mañariko Hontza Museoak hamarkada bat bete duela ospatu dute gaur arratsaldean museoan bertan egindako ekitaldian. Hainbat udal, erakunde eta elkartetako ordezkariek hantxe egon gura izan dute urte hauetan guztietan egindako lana aintzatesteko.

Ekitaldiak zati bi izan ditu. Lehenengo Hontza Museoa fundazioko presidente Enrike Huertak eta museoko zuzendari Leire Huertak berba batzuk esan dituzte. Ondoren, museoko bigarren solairuan prestatutako luntxaren inguruan batu dira gonbidatuak.

Huerta aita-alabek museoaren ibilbidea errepasatu dute. Museoa 1987an sortu zen, baina beste eraikin batean. Orain hamar urte ekarri zuten gaur eguneko egoitzara. Gaur egun ia 50.000 piezaren jabe dira ; 2.000-3.000 museoko solairu bietan ikusgai daude eta gainerakoak biltegian gordeta dituzte. "Apurka gure ametsa sortzen joan gara eta lan gogorren ondorioa da", adierazi du Leire Huertak. "Gure helburua beti izan da naturak dituen elementu desberdinak, aberastasun hori guztia, jendeari erakustea", gehitu du.

Enrikeri egindako oparia

Ekitaldiak momentu polit bat utzi du. Vega Asensio EHUko ilustrazio zientifikoko masterreko koordinatzaileak berak egindako koadro bat erregalatu dio Enrike Huertari. "Enrikek beti utzi digu materiala zoologia klaseetarako. Esaterako, aurten hegaztiak landu ditugu eta ereduak Hontza Museokoak dira", adierazi du Asensio durangarrak.

Enrike Huerta Vega Asensiok oparitutako koadroarekin.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!