Ezin ukatu athleticzalea zarela. Zer da zuretzat Athletic?
Jaio nintzenetik naiz athleticzalea. Aita Miraflores gainan bizi zen, eta orduan Athleticeko kamioa bertatik pasatzen zen Madriletik zetorrenean. Hiru urte nituenetik irten dut aitagaz harrera egitera. Geroago, Basauritik zetozenean, Etxebarriko Boquete auzotik igarotzen ziren. Aita Jesus Garai jokalariaren laguna zen, eta beti joaten zen Athleticen partiduetara. Athletic ia erlijio bat da niretzat, loa kendu didana askotan (barrez).
Cedrun eta Iribar ikusiz hazi zinen zu.
Etxebarrira joan ginenean jokalarien entrenamenduak ikusten genituen. Orduan ez zegoen Lezama. Iriondok entrenatzen zituen. Karmelo Cedrunek jokatzen zuen orduan, eta gero Iribar etorri zen, Basconiatik. Ateen atzean zeuden ortuetatik baloiak hartzen genituen mutikotan, 8-10 urtegaz. Gainera, Iriondok San Mameserako sarrerak ematen zizkigun. Domekero joaten ginen. Han jaio zen Bilbao Athletic. Kuadrillako gehienak Etxebarrin entrenatzen ziren, futbol eskolan. Gero, Lezamara eroan zuten eskola.
Zuk ez zenuen futbolean jokatu?
Etxebarrin jokatu nuen, baina pilotari izateko bidea hartu nuen. 1970ean Bizkaiko Herriarteko txapeldun izan nintzen, finala Iñaki Gorostizaren eta Castilloren aurka irabazita. Pilotari errioxarragaz nahastu izan naute inoiz, baina anaiarengandik datorkit gaitzizena. Etxean dozena bat txapel eta 20 bat garaikur ditut.
Futbola ala pilota duzu gurago? Zein aukeratuko zenuke?
Pilota partidu on bat ikusita Athleticen partidu bat ikusita baino gutxiago sufritzen dut. San Mames Berrian jokatzen duten guztietan joaten naiz, eta ahal izan dudanean kanpokoren batera ere joan naiz. Sarrera eduki dut Cartujako Kopako finala ikustera joateko, baina gazte bati eman nion. Hainbat finaletan egon naiz.
Ikusi zenuen gabarra 1984an?
Enpresa batean txofer lan egiten nuen, eta nagusiagaz eta bere ilobagaz gabarra itsasadarrean zehar eginiko bidean jarraitu nuen, CX Palace batean, Athleticen banderagaz atean, Portugaleteko zubitik Arrontegiko zubiraino. Handik Begoñara joan ginen.
Oraingoan ere ez duzu hutsik egin.
Jakina. Umeengandik hartu dut poza. Athleticek behar zuen halako zeozer. Urteetan gaztetxoak Real Madrilen eta Bartzelonaren kamisetekin ikusi ditugu. Orain, berriro ikusten dira Athleticeko kamisetak. Oso garrantzitsua da. Polita.
Bereziki gogoan duzun partidu bat? Eta jokalari bat?
1983-1984 liga irabazi zuenean, Realaren aurka jokaturiko azken partidua. Ondoan nituen realzaleak ere hunkituta zeuden, negarrez. Bestalde, mailari justuan eutsi genion partidua ere badut gogoan. Negarrez irten nuen. Jokalarien artean, Uriarte itzela zen.