"Mañariarrek eginiko gonbidapenak asko poztu gaitu"

Aitziber Basauri 2024ko ots. 9a, 16:00

Mañariko karnabalek bisitari bereziak izango dituzte aurten. Kafraga elkarteak gonbidatuta, Sasi-berezi eta Mozolo herrira jaitsiko dira San Martin inguruan duten gordelekutik.

Errose Bustintzaren Jentilen bolalekua ipuina jatorri hartuta, herrigune osoa eszenatoki izango duen kale ikuskizuna prestatu dute Mañarian biharko. Ipuinak kontatzen duenez, behin, jentil batzuk bola-jokoan ei zebiltzan Untzillatx inguruan. Eurei gura barik ihes eginiko bola batek hainbat zuhaitz eraitsi zuen eta euretariko batek Kukin artzaina jo eta hil zuen. Jentilak estutu eta penatu egin ziren, estimuan zutelako Kukin, egunero ardi-esnea eroaten zien artzaina. Eginahalak eginagaitik ezin izan zuten artzaina biztu, eta euren eskuekin mutil berri bat egitea pentsatu zuten: zotzezko oin-behatzekin, arto-lastozko besoekin, bildots-larruzko sabelagaz, zurezko eskuekin… Inguruan hegan zebilen mozolo bat barre-zantzoka hasi zen mutil sortuberriaren itxura ikusi zuenean eta Sasi-berezi izena ipini zion. Beraz, bi izango dira protagonista nagusiak: Sasi-berezi artzaina (Aitziber Areitio) eta Mozolo (Onintza Gaztelu), bere aurkari maltzurra. Eurekin batera, aurpegi zuriak, aurpegi beltzak eta gehiago irtengo dira, 17:00etan, karnabalei loturiko istorioa kontatzera.

Egun handia duzue bihar Mañarian.
Sasi-berezi: Lehenengoz aurkeztuko gara jendaurrean, baina horrek ez du esan gura mañariarrekin inoiz ere ez garenik kontaktuan egon. Aspaldi etorri ziren kobazulora Pitxitxi ahuntzaren bila, eta, hainbat urtean eurekin egon ondoren, iaz berriro taldera ekartzea lortu nuen. Hori eskertzeko, zer gutxiago ahuntz-esnea eramatea baino, karnabaletan tostadak egiteko. Herrira jaisteak asko pozten nau. Baliteke nire itxurak etxeko txikienak apur bat beldurtzea. Baina maitekorra naiz eta denen lagun izan gura nuke. Bestelakoa da Mozolo. Harek nitaz barre egiten du!
Mozolo: Sasi-berezi eta bere lagunak zelatatzen gaude aurpegu zuriak eta ni, esneontzia lapurtzeko prest. Inondik inora ere ez dugu utziko Sasi-berezik eta aurpegi beltzek esnea eramatea. Ea zelan hartzen gaituzten; trabak ipinita, pentsatzen dut. 

Koplak ere egin dizkizuete, eta herritarrak kalera irten daitezen abestuko ditu pregoilariak.
Sasi-berezi: Bai, gure istorioa herrira zabaltzeko eta ezagutarazteko koplak dira. Eta ni ere joango naiz pregoilariagaz, herritarrak gugaz plazan batzera gonbidatzeko. Kobazulora etorri zirenean esan zidatenez, antzinako inauteriak modu xumean berreskuratzea izan dute helburu. Errose Bustintza idazlearen liburu batean agertzen ei gara, eta hortik hartu zuten ideia inauterietan Mañarira gonbidatzeko. 

Kafraga elkartetik irten zen ideia, eta herritarren eta herriko elkarteen lankidetzari eskerrak gorpuztu dute. Zelan hartu zenuten gonbidapena?
Mozolo: Ondo! Gure istorioa ahaztuta egon delako. Gainera, poztekoa da gutaz gogoratu izana, istorioko maltzurrak izanik... Lumei hautsa kendu eta distira emango diegu biharko; esneontzia lortzeko estrategia ere landu dugu.
Sasi-berezi: Asko poztu gara, bai. Nik ere festa-jantzirik onenak ipiniko ditut; prest ditut alkandora eta praka berriak.

Beste ezer gehitu gura duzue?
Sasi-berezi: Ez naiz Mozoloz eta bere aliatuez fio, eta laguntza beharko dugu. Beraz, mañariarrak parte hartzera animatu gura ditugu, egun polita izango da eta. Eta ez da tostadarik faltako. Eskerrak eman behar dizkiet horretan ibiliko diren herritarrei. ANBOTOko irakurleek ere aukera paregabea dute gu ezagutzeko.
Mozolo: Sasi-berezik herria alde duenez, gainerakoak gure taldera batzera animatzen ditut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!