Berrizen, esate baterako, umeak 636 dira, eta bertako txakurren kopurua 886an kokatzen da. Zornotzara jotzen badugu, hamabost urtetik beherako biztanleak 2.819 direla ikusiko dugu. Txakurrak, berriz, 3.283 dira. Eta Izurtza aldera mugituta ere, antzerako argazkia ikusiko dugu. Hamabost urtetik beherako biztanleak 34 dira han. Txakurren kopurua, berriz, hirukoiztu baino gehiago egiten da, 127 dira-eta. Joera hori eskualdeko udalerri ia guzti-guztietan islatzen da, Durangon izan ezik. Eskualdeko herri nagusia da salbuespena. Bertan 4.045 pasatxo dira hamabost urtetik beherako bizilagunak eta 3.051 pasatxo txakurrak.
Datuak era sinplikatuan eskaintzeko, umeen eta txakurren arteko erlazioa aztertu dezakegu. Hau da: zenbat txakur dago ume bakoitzeko? Aldeak badira udalerri batetik bestera. Izurtzan, adibidez, ume bakoitzeko ia lau txakur daude. Mallabian, hiru. Otxandion bikoitza da kopurua, eta Abadiñon zein Berrizen txakur bat pasatxo dago ume bakoitzeko.
Eta umeen kopuruetatik irtenda aztergaia biztanleria osora hedatuko bagenu? Honako grafiko honetan 100 biztanlera estrapolatu dugu udalerri bakoitzeko herritar kopurua. Era honetan, argiago ikus daiteke biztanleria-txakur erlazioa. Gainera, emaitza honek udalerri bakoitzari loturiko soziologia ulertzeko oinarri txiki bat eskaintzen du. Izan ere, biztanlez txikiagoak diren herrietan, baserri munduari lotuago bizi diren herrietan, presentzia handiagoa dute txakurrek. Garain eta Izurtzan, adibidez, hori igarri daiteke. Lehenengoan, lau txakur daude hamar biztanleko. Bigarrenean, berriz, bost. Txanponaren beste aldean herririk urbanoena dago. Durangon, adibidez, nabarmen txikiagoa da biztanleria-txakur erlazio hori. Hamar biztanleko txakur bat baino ez dago.
Azken bi grafikoetan adierazitakoaren ildotik, interesgarria da hori familia bakoitzean zelan errepresentatzen den ikustea. Beheko grafiko honetan txakurren bat duen familia kopurua erakutsi dugu, udalerrika, ehunekotan adierazita. Bertan ere argi ikus daiteke biztanleria txikiko udalerrietan, gehien bat baserri edo etxe bakarreko eraikinak nagusi diren udalerrietan, txakurrek duten presentzia. Izurtzan, Garain eta Mallabian gehienak dira etxean txakurren bat duten familiak. Izurtzako kasua da esanguratsuena. 10 familiatik 9k txakur bat dauka gutxienez. Errealitatearen beste muturrean, Durango, Elorrio, Zornotza edo Zaldibar daude. Hauetan, txakurren bat duten familiak gutxiengoa dira.
TXAKURRAK, ERABILERAREN ARABERA
Orain arte txakurrek Durangaldeko umeekiko eta udalerrien izaerarekiko duten erlazioa bistaratu dugu. Oraingo atal honetan txakurren erabilerari buruzkoak ipiniko ditugu ikusgai. Hiru atal nagusi daude: konpainiarako maskota modura erabiltzea, artzaintzarako edo etxeen zaintzarako erabiltzea eta ehitza. Azken atal bat ere badago, bestelakoak izenpean ipini duguna. Honako honetan urriagoak diren erabilera motak jasotzen dira. Adibidez, itsuen txakur-gidak eta antzerakoak.
Goialdean Durangaldean, orokorrean, dagoen joera ageri da. Txakurra maskota legez erabiltzea da joerarik zabalduena (erabiltzaileen %64). Atzetik datoz ehiza (%22) eta animaliok artzaintzan edo zaintza lanetan erabiltzea (%14). Edozelan ere, fokua herrietara gerturatuta, badira datu interesgarriak.
Mallabiko kasua da datu adierazgarrienetariko bat. Txakurren erabilera nagusia konpainiara bideratzen den arren, herena baino gehiago dira artzaintza lanetarako edo etxeen zaintza lanetarako erabiltzen diren txakurrak. Durangaldeko hamahiru udalerriak kontuan hartuta, Mallabia da txakurrak artzaintza edo zaintza lanetarako erabiltzen diren udalerria.
Zaldibarrek ere badu bere berezitasuna. Hemen ere konpainiarako txakurra nagusi den arren, Zaldibar da txakurrari ehizarako erabilera gehien ematen zaion Durangaldeko udalerria. Udalerriko txakurren herenak baino gehiago ehizarako erabiltzen dira. Nabarmen atzetik dago zaintzarako edo artzaintzarako txakurraren erabilera.
Eta azkenik, Durangoko kasua dago. Herrien artean hiritarrena izanik, ehizarako zein artzaintzarako txakurren erabilera gainerako herrietan baino nabarmen txikiagoa da. Hemen konpainiarako txakurra da jaun eta jabe. Durangon erregistratutako hamar txakurretik zortzi maskota modura bizi dira etxeetan.