[BIDEOA]: "Orain 10 urte ezinezkoa zirudien hemen museo bat zabaltzeak"

Joseba Derteano 2024ko aza. 22a, 12:00

Naturako mirariz jantzita, Hontza Museoa erakusketa leku bat baino askoz ere gehiago da: bizitza bateko ametsaren isla da. 60 urte baino gehiagoan altxor naturalak biltzen eta mimoz zaintzen daramatzan Enrike Huertak eta bere alaba Leirek, museoko zuzendariak, naturagazko maitasuna darion familia-proiektu bihurtu dute espazio hori. 2.000 pieza dituzte ikusgai, eta 45.000 inguru biltegian gordeta, espazio faltagaitik.

Zelan joan zen urteurreneko ospakizuna?
Enrike Huerta: Bikain, zoragarri. 40 bat lagun batu ziren, lagunak eta agintariak: Kultura arloko sailburuordea, Kultura Saileko foru diputatua, alkateak, Mankomunikateko presidentea… 
Leire Huerta: Bai, pozik gaude. Beti duzu ardura ea jendea etorriko den, eta gela osoa beterik ikustea pozgarria izan zen.

Museoa zabaltzea lan handia izan zen?
L.H.: Bai, handia. Emaitza ikusita merezi izan du, baina jendeak ez daki zelako lan gogorra dagoen Museoaren atzean. Guk hau hartu genuenean zulo bat zen: beltza, zikina eta iluna. Orain 10 urte ezinezkoa zirudien hemen museo bat zabaltzeak. Geuk egin dugu dena, geure eskuekin. Hondeamakina txiki bat hartu, harriak mugitu, garbitu, pintatu, beira-arasak muntatu… Hamar urtean apurka egin dugu, solairurik solairu eta gelarik gela. Lan gogorraren emaitza da. 

Azken batean, familia proiektu bat da. Horrela bizi duzue? 
L.H.: Bai, familia proiektu bat da. Hau guzti hau nire bizitzaren parte izan da, jaio nintzenetik. Ni neu ere museoko pieza bat naizela esaten dut. Gure oporrak beti antolatzen ziren museo bat ikusteko eta itsasontziak zeuden tokian. Bartzelonako lagun asko sasoi hartakoak dira, hango barkuetan joaten zelako aita. Euren seme-alaben lagunak gara gaur egun. Gerora, museoa prozesu natural baten ondorioa izan zen. Beste biderik ikusi ez eta bildumari irteera bat eman guran, familia horretan inplikatu ginen. Besoak gurutzatuta egon izan bagina, museoak zabaldu barik jarraituko zuen, beharbada. Gure bizitza honen inguruan mugitu izan da beti, eta horretan jarraitzen dugu. Aita laborategiko lanaz arduratzen da, eta nire senar Igor Notario eta biok kudeaketaz. Ondo elkar hartzen dugu. 

Enrike, nondik datorkizu bildumagile afizioa? 
E.H.: 12 urte nituenetik nabil piezak batzen. 14 urtegaz gurasoek Donostiako Aquariumera eraman ninduten. Zer zen hura! Orduan jabetu nintzen Durangon ez zegoela horrelakorik. Ordutik dator museoaren ideia. Gerora, utopia bat zena errealitate bihurtu zen.

Zelakoa da zure lanegun bat museoan? 
E.H.: Goizetan ilobei arreta eman, erosketaren bat egin, kotxea hartu eta museora etortzen naiz. Hemen egoten naiz, goiz eta arratsalde, laborategiko lana egiten: fitxak eguneratzen, piezak garbitzen eta kontserbatzen… Niretzat egun osoko lana da. Ohean nagoenean ere museoko kontuei bueltak ematen ibiltzen naiz sarritan. 

Enrike, esadazu Indiana Jonesen antzera ibilitakoa zarela. 
E.H.: (Barrez) Asko esatea da, baina bidaia batzuk egin ditugu, bai. Batez ere, Mediterraneo inguruan ibili gara. Arrantzaleen lagun egin eta askotan ibili nintzen euren itsasontzietan. Orduko lagunak ditut oraindino. Hain zuzen ere, barku bateko patroia hemen izan zen joan zen astean, bisitan. Gero, toki askotan ibili naiz: Europan, Hego Amerikan, Erdialdeko Amerikan… 

Bildumako pieza asko donazioak dira. Zeintzuk izan dira esanguratsuenak? 
E.H.: Donaziorik inportanteenetariko bat anonimoa izan zen. Oraindino ez dakit nor den. Susmoa dut, museoa aurreko eraikinean zegoenean, hura bisitatu eta txundituta geratu zen pertsona bat dela. 1990. urte ingurua zen. Handik hile batzuetara heldu zen donazioa; lau-bost kaxa, Hego Amerikako askotariko aleekin: hegaztiak, tximinoak… 200 edo 300 bat pieza. Ikaragarria! Beste donazio batzuk ikastetxe erlijiosoetatik etorri dira, misiolari lanetan baturikoak. Lehenengoa Jesuitak ikastetxekoa izan zen. Beste behin, Filipinetako pertsona bat handik hona etorri zen 25 kilo karakol ematera. Sarrera ondoan dagoen karramarro erraldoia japoniar baten donazioa da. 

Museoarentzat kokaleku handiago eta zentralago baten desioa aipatu duzue sarritan. Esperantzak bizirik jarraitzen du? 
E.H.: Durangoko Udalari 35 urte nituela proposatu nion lehenengoz museoaren ideia, eta gaur egun 76 ditut. Azken batean, Durango erdi-erdian dago. Museo honetan aberastasun ikaragarria dago. Inork ez duela estimatzen? Nik ezin dut beste ezer egin, proposatu baino ez. 
L.H.: Guk borrokan jarraitzen dugu, aldiro ateak jotzen, ahaztu ez dadin. Museoa zabalduta, ametsa egia bilakatzea lortu genuen, baina hau ez da Durango. Garraio aldetik duen komunikazioa, han dabilen jende emaria… Eta espazio faltaren kontua ere aipatzekoa da.

Enrike, zure legatuak kezkatu egiten zaitu? 
E.H.: Gazteek jarraituko dute, horrek ez nau arduratzen. Baina ni bizi naizela museoa Durangon ez ikusteak… Horrek ematen dit bihotzean mina. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!