[BIDEOA] Arrazolatik Andastora nor lehenago heldu apustuan, beteranoak irabazle

Anboto 2024ko ira. 4a, 12:26

Oies Gorostiza, Iraitz Arkarazo, Gari Leturiaga, Egoitz Axpe eta Ibai Buruaga, Arrazolako plazan.

Arrazolatik Andastora nor lehenago heldu. Nagusiak gazteen aurka, lehenengoek denboran abantaila zutela. Horixe izan zen joan zen zapatuan bost arrazolarrek egindako apustua. Beteranoak heldu ziren lehenengo, baina denek irabazi zuten.

Santixako jaietan sortu zen apustua, bazkari baten bueltan. Ibai Buruaga, Gari Leturiaga eta Oies Gorostiza arrazolarrek baietz zioten, kapaz zirela ordubetean Arrazolatik Andastora igotzeko. Baina denak ez zeuden kobentzituta. Metxa piztuta zegoen.

Handik astebetera buelta bat eman zioten gidoiari, beste arrazolar bi batuta, gazteagoak biak: Iraitz Arkarazo eta Egoitz Axpe. Apustuari intriga emateko, gazteagoak geroago irtengo ziren; Arkarazo 20 minutu geroago, eta Axpe, denetan gazteena, 25 minutu geroago. Beraz, interesgune bi zituen apustuak. Batetik, lortuko ote zuten 45etik 49 urtera arteko hiru arrazolarrek Andastora ordubete baino denbora gutxiagoan igotzea? Bestetik, gazteek harrapatuko ote zituzten nagusiak gora heldu baino lehenago?

Joan zen zapatu goizean egin zuten apustua. Azkenerako "berotualdia" hartu zutela onartu du Ibai Buruagak, eta azken txanpan "arnasa hartzea" kostatu zitzaiela, baina beteranoak heldu ziren lehenengo. 47 eta 52 minutu artean heldu ziren hirurak Andasto gainera. Handik gutxira heldu zen Axpe, minutu pasatxora, 29 minutuko igoera eginda. Arkarazo ere handik lasterrera batu zitzaien.

Beteranoek dena eman zuten apustua irabazteko. Esaterako, Buruagak bost minutuan hobetu zuen Arrazolako jaien bueltan egindako igoerako denbora.

Esperientzia "zoragarria"

Apustuak ikusmina piztu zuen eta 30 bat lagun batu ziren mendi gainean apustulariak animatzeko. Ondoren, hamarretakoa egin zuten denek, pernila, gazta, tortilla eta abar janda. Esperientzia "zoragarria" izan zela gogoratu du Buruagak, eta han sorturiko giroa nabarmendu du. Baina eguna ez zen Andaston amaitu. Eguerdian 23 lagunek elkarregaz bazkaldu zuten Arrazolako Erlaunpe soziedadean. 

Etorkizunean egongo da beste apusturik? "Zeozer bai, seguru!", esan du Buruagak. "Mendira joan, izerdia bota, kuadrillan ibili eta lagun artean bazkaldu. Zer gehiago behar da, ba?", gaineratu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!