Azaroak 25: Indarkeria sexistaren kontrako eguna

'Macho-Maris': Matxismoari aurre egiten dioten gizonei eskainitako lana

Anboto 2014ko aza. 24a, 12:00

Ermuko Zipriztintzen gizon taldekoek hausnarketarako eskaintza egingo dute antzezlanagaz. Elorrion, martitzenean ikusi ahalko da Macho-Maris; Abadiñoko Errotan azaroaren 30ean eskainiko dute antzezlana. Gizonen artean hausnarketa eta gogoeta sustatzea da lanaren helburua.


Ermuko Zipriztintzen gizon taldeko kideek hutsune bat ikusten zutelako erabaki zuten antzezlana egitea. “Jarrera matxistak modu zuzenagoan,  errazagoan eta dibertigarriagoan kritikatzeko beharra sentitu genuen”, diote Zipriztintzen taldekoek.

Gaztelaniaz erabiltzen den Marimacho terminoari buelta eman gura izan diote Macho-Marisen sortzaileek. 50 minutuan mikromatxismoak, gizonen pribilegioak, hizkuntzaren erabilera sexista, ardura banaketa eta beste hainbat gai lantzen dituzte. Antzezlaneko aktore biek, Markusek eta Juanmanolok, “umoretik eta autokritikatik” jorratuko dituzte gai horiek, esketx formatuan eskainita.

Emakumeekin batera
Zipriztintzen taldekoek adierazi dutenez, Ermuko emakume asanbladagaz harreman oso estua daukate, eta antzezlanaren edukiak eurekin partekatu dituzte gidoia idazteko prozesuan.

Azaroaren 25erako Arriola kultur aretoan ipini dute hitzordua, 20:00etatik aurrera. Gainera, Abadiñon, hilaren 30ean izango da bigarren emanaldia, 19:00etan, Traña-Matienako Errota kultur etxean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!