Datu potoloa da udalak jakitera eman duena, baina azken urte biekin alderatuz behera egin du. 2012an 37 emakume jaso zituzten, eta iaz 32. Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba kontuan hartuta, ostera, 3.858 kasu egon dira.
Egoerari buelta zelan eman. Hori da instituzioek egiten duten galdera. Durangoko Udalak onartutako adierazpenean, hainbat konpromiso hartu dituzte. "Erakunde publikoek gure jardueraren erdigunean jarri behar dugu indarkeria sexista mota oro errotik suntsitzeko ahalegina", adierazi dute. Udal politika aktibo eta integrala lantzea; indarkeria kasuen prebentziorako eta salaketarako eragile aktibo izatea; gazteen artean Beldur Barik lehiaketagaz kotzientziazioa hedatzea eta emakumeen jabekuntzarako programak sustatzea dira hartutako konpromiso batzuk. Gainera, Eusko Jaurlaritzari Ertzaintzaren unitate berezia sortzea eskatu diote, eta Espainiako Gobernuari koordinazio protokoloak ebaluatzea. Zigortuei pultsera telematikoak ezartzea eta umeen zaintza kentzea ere exijitu diote gobernuari.
Udaleko adierazpenean diotenez, emakumeenganako erasoak zuzenak edota zeharkakoak dira. "Erasoak jasan dituzten neskek eta emakumeek egindako salaketen egiazkotasuna zalantzan jartzea" ipini dute zeharkakoen adibide lez. Udalaren ustez, eraso eta portaera sexistak ez dira norbanako batzuen jarrera isolatuak, baizik eta "mundu osoan indarrean dagoen sistema baten parte".