Gure helburuen artean dugu emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako prebentzio kanpainak bultzatzea. Era berean, jarduera soziokulturalak ere sustatzen ditugu, beti ere emakumeok hainbat esparrutan egin ditugun ekarpenak ezagutarazita.
Indarkeria sexistaren aurkako manifestaldiak eta asteroko elkarretaratzeak antolatzen ditugu. Prestakuntza prozesuak garatzen ahalegintzen gara gizon eta emakumeon arteko ezberdintasunak gero eta txikiagoak izan daitezen, batez ere Andraguneak antolatzen dituen jabekuntza ikastaroetan irakasle zein ikasle gisa parte hartuta.
Plataformaren helburuak lortzeko Berdintasunerako Durangoko Udal Kontseiluan parte hartzen dugu. Emakume taldeen arteko esperientzien trukean ere aritu gara. Durangoko Bateginez GKEagaz elkarlanean dihardugu Guatemalako San Miguel de Pochutako emakumeei indarkeria girotik ateratzen laguntzeko. Sartu erakundearen Zubiguneak izeneko egitasmoan ere parte hartzen dugu. Eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Tartekaria sareko partaide ere bagara.
Gure lana Durangoko herritar guztiei zuzenduta dago, uste dugulako indarkeria matxista emakumeen parekidetasun ezaren icebergaren punta baino ez dela, eta alde guztietatik egin behar dugula putz, harik eta gaitz hau desagertu arte. Gure plataformak ateak zabalik ditu, parte hartu nahi baduzu, hona hemen gure e-maila: andereak@hotmail.com denontzat lan zeregin dago.