Azaroak 25: Indarkeria sexistaren kontrako eguna

"Beti bezain garrantzitsua da gure borroka, inoiz baino beharrezkoagoa"

Anboto 2014ko aza. 25a, 20:13

Plataforma feministak deituta, 110 bat lagunek Durangoko kaleak zeharkatu dituzte emakumeenganako indarkeriaren kontra. Autodefentsa feministaren alde egin dute, eta borrokan jarraitzeko beharra azpimarratu dute.

Erasorik ez, erantzunik gabe eta Gora borroka feminista lako ohiuak bota dituzte gaur 19:00etan Durangon hasi den manifestazioan. Lehenengo pankartan hainbat gazte joan dira, eta manifestazioan zehar ere gazte ugari ikusi zitezkeen. Amaitzean, adierazpena irakurri dute hiru emakumek: "Heteropatriarkatuak itsu behar gaitu, haren makineriaren engranajeak eta haien arteko erlazioak ikusteko gai izanez gero sistema osoa eroriarazi dezakegulako". Baina, adi egongo direla diote: "Urteak, belaunaldiak daramatzagu jostorratzak zorrozten, sarea josten, betaurrekoak fintzen, begiak irekitzen, itzalpekoari izena jartzen. Eta hori da, hain zuzen, gure helburua: makineria lehertzea!".

Gainera, borrokarako prest agertu dira. "Erasoen aurrean ozenki adierazi izan dugu gure hautua, eta horretan jarraituko dugu indarkeria sexista gure eguneroko ogia izaten den bitartean", adierazi dute. Ez dira egoera biktima edo begirale izatearekin konformatzen: "Ez gara biktimak, ez gara subjektu pasiboak eta ez gara instituzioetatik bultzatzen diren neurri asistentzialekin konformatzen. Guk ahalduntze indibidual eta kolektibo baten bidean autodefentsa feminista aukeratzen dugu".

Bestalde, azaldu dutenez, gazteen arteko hartu-emanetan indarkeria hazten dabilela diote ikerketek, eta gertaera larria dela uste dute. Lan sektore feminizatuetako prekarizazioa ere salatu dute, eta horrelako kasuak izebergaren punta besterik ez direla ohartarazi dute. Euren ustez, sistemaren forma aldaketek eragiten dituzte kasu horiek. Horren aurrean, autodefentsa feministarako deia egin dute: "Beti bezain garrantzitsua da gure borroka, inoiz baino beharrezkoagoa".

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!