Azaroak 25: Indarkeria sexistaren kontrako eguna

Irantzu Valera, Faktoria Lila: “Autonomia, errepestua eta ongizatea izan behar dira maitasunaren oinarri”

Anboto 2014ko aza. 18a, 11:22

Azaroaren 22an, Abadiñoko Txanporta kultur etxean eskainiko du Irantzu Valera Faktoria Lila talde feministako kideak, ‘Maitasunaren ipuina’ tailerra.

Nori dago zuzendua ikastaroa?
Parte hartzen duen jendea da, zeozelan, hori zehazten duena. Horrelako tailer batean izena ematen duzunean, badago zerbait zure barruan: ez zaude guztiz gustora emakume bezala eman dizuten papera betetzen, edo irakatsi dizuten mundu ikuskeragaz. Jakinmina daukanari, eta maitatzeko bere era eraiki gura duenari dago zuzendua.

Zelakoa izaten da saioa?
Uste dugu gure bizitza esperientziatik ikasten dugula gizakiok gehien, eta horregatik, hainbat materialen laguntzagaz, esperientzia indibiduak hartzen ditugu oinarri, talde dinamiken bitartez. Balio handikoa da gure ustez norbanakoaren esperientzia. Helburua da jakinmina piztea, eta hainbat aurreiritzi mahaigaineratzea. Tailerra amaitzean jendea landutakoan sakontzeko  gogoz joan dadin.

Zelako materialak erabiltzen dituzue tailerretan?
Saiatzen gara deneriko gauzak erabiltzen: testu oso sakonak daude, baina baita gai haietara lehenengoz hurreratzen direnentzako prestaturikoak ere. Dokumentalak, filmak, tesiak, entseguak, etab. ipintzen ditugu partaideen eskura. Tailerrean parte hartzeko, dena dela, ez da behar ezelako jakintzarik, jakinmina da behar den bakarra.

Maitasunaren idealizazioak zelako kaltea eragiten digu?
Gure ideia nagusia da, maitasuna norbaitekiko konexio, elkarrulertze eta erakarmen bezala ulertzen badugu, ongizatea eman behar digula beti. Sozializazioan, baina, maitasuna ulertzeko beste modu bat jaso dugu: sufrimentu handia eragiten diguna. Maitasun erromantikoaren eraikuntza soziokultural hori sistema honetan emakumeok pairatzen dugun gutxiespenarekin nahasten badugu, hauxe da emaitza: munduan erahilak diren hamar emakumetik lau euren gizonezko bikotekideek edo bikotekide ohiek erahilak dira.

Biolentzia matxistarekin harremana dauka maitasuna ulertzeko modu horrek, beraz?
Bai. Maitasuna desberdintasuna eta biolentzia nagusi den espazio bilakatu du gizarte patriarkalak. Guk, aldiz, maitasunak ongizatea eta lasaitasuna eman behar dizkigula uste dugu. Horregatik, saiatzen gara alboratzen sufriarazten eta mina eragitera garamatzaten elementuak; jeloskortasuna, bestea kontrolatu gura izatea, dependentzia emozionala... Ideia okerra da pentsatzea norbait maitatzeak bere askatasuna mugatzea esan gura duela.

Zertan oinarritu beharko genuke maitatzeko beste era hori?
Autonomia, ongizatea eta errespetua izan beharko litzateke beti maitasunaren oinarriak. Emakumeoi erakutsi digute, maitasuna dela gure bizitzako proiektu nagusia, eta besteen onespenaren bila gabiltza beti. Emakumea besteen grinak asebetetzeko dagoela ikasi dugu. Gizonek, aldiz, euren beharrizanak eurek asebetetzen dituzte. Edozeren gainetik dagoen maitasunaren ideiak errazten du harreman toxikoak sortzea, eta giro horretan oso zaila da harreman autonomoak, eta askatasunean oinarriturikoak edukitzea.

Kazetaria zara. Komunikabideek zelan eragiten dute?
Sistema kultural eta sozialak erreproduzitzen ditu maitasunari buruzko ideia toxiko guzti horiek. Egia da, baina, gutxinaka lortzen ari garela komunikabideek islatzea badaudela maitatzeko beste era batzuk; ez direnak heterosexualak, monogamoak, bizi guztirakoak, edota seme-alabak edukitzean oinarriturikoak. Hedabideetatik egin ezin dena da, biolentzia, desberdintasuna eta askatasun eza legitimatzen duen maitasunaren ideologia bat zabaltzea da. Aipaturiko maitatzeko beste era horiek mahaigaineratzen lagun dezakete komunikabideek, horiek normalizatzen.

Noiztik diharduzu ‘Maitasunaren ipuina’ tailer hau ematen?
Urte asko daramatzagu, eta emakume eta gizon askok parte hartu dute maitasuna ulertzeko eta bizitzeko beste era baten bila antolaturiko tailerrotan. Faktoria Lilan emakumeok, XXI. mendean Euskal Herrian bizi dugun desigualdadeaz gogoetan genbiltzala, maitasuna askotan ateratzen zen. Ohartu ginen behar genuela maitasunaren gaia perspektiba feminista batetik lantzeko. Konturatu ginen, maitasunaren izenean, bestela onarterzinak iruditzen zaizkigun gauzak onartzen ditugula.

Zelako emaitzak izan dituzue orain arteko tailerretan?
Nik uste jendeak maitasunari buruzko ideia propioagoa eskuratzen duela tailerragaz: bakoitzak zoriontasunari buruz daukan ideiari lotuagoa.Tailerretan parte hartzen dutenek, nik uste, hainbat ideia garbi eramaten dituzte: maitasunaren izenean berriro egin gura ez dituztenak, edo aldatu gura dituzten jarrerei loturikoak, esaterako. Maitazea bestea zaintzea eta errespetatzea dela, eta zaindu eta errespeta zaitzatela eskatzea dela da tailerraren ondorio nagusia.

Gai hauekiko, hezkuntzatik eragitea da gakoetako bat. Zelan ikusten dituzu gazteak?
Benetan garrantziskoa deritzot gizarte talde horretan eragitea. Izan ere, maitasunaren gaian ere, esperientziak asko erakusten digu: helduak, esperientziatik ikasten du ongizate gehiago ematen dioten harremanak bilatzen. Gazteak, baina, oso ahulak dira komunikabideek eta kulturak bidaltzen dizkien mezuekiko. Negargarria da horretan txarrera goazela ikustea. Maitasun harreman bat zer den ikusteko Crepúsculo, A tres metros sobre el cielo edo Mujeres, hombres y viceversa dira erreferenteak: harreman heterosexuala, edertasun kanon jakin bat jarraitzen diona... Datuak oso larriak dira: biolentzia pairatu duten 18 urtetik beherakoen kopurua ikaragarria da, kontrol estrategiak maitasunaren parte direla pentsatzen dutenena baita... Asko dugu egiteko askatasunean eta errespetuan oinarrituriko maitasun harremanak lortzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!