Azaroak 25: Indarkeria sexistaren kontrako eguna

Durangalde mailako Beldur Barik topaketa egingo dute azaroaren 27an

Anboto 2014ko aza. 26a, 11:18

Durangoko San Agustin kulturgunean jaialdi berezia egingo dute eguenean. Iluntzeko 19:00etan hasita, Durango, Abadiño, Berriz eta Iurretako zortzi taldek Beldur Barik jarrera lehiaketara aurkeztutako bideoak ikusi, eta sari banaketa egingo dute. (Bideoan, Iurretako gazteek egindako lana)


Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bosgarren bider antolatu dute aurten Beldur Barik lehiaketa, eta, lehiaketa orokorraz gainera, aukera egoten da eskualde mailako topaketak eta sariketak egiteko. Durangaldeko Berdintasun sail batzuek, elkarlanean, eskualde mailako lehiaketa egitea erabaki dute: “Asmoa urtero antolatzea da”, azaldu du Berrizko Berdintasun teknikari Hodei Arrizabalagak.

Bideoen edukiak
Adibidez, kirol arloko aukera berdintasuna, familia ereduen aniztasuna eta bikote harremanetako kontrolak landu dituzte Durangaldeko gazteek euren bideoetan. Izan ere, lehiaketaren helburua desparekotasun egoerak eta kultura matxista agerian uztea da.

Sariak
San Agustingo jaialdia Karrika antzerki taldeak dinamizatuko du, eta, aurkeztutako bideoak ikusi eta gero, sariak banatuko dituzte lehiaketako bi kategoriatan. 12 eta 17 urte artekoen kategoria, eta 18 eta 26 urte artekoena egon dira: kategoria bietan sari nagusia eta aipamen berezia egongo dira.

Beldur Barik topaketa orokorra datorren azaroaren 29an izango da, Urola Garaian (Gipuzkoa). 16:00 aldera hasiko dira ekitaldiak Zumarragan. Tailerrak egingo dituzte bertan: hilekoa bizitzeko moduei buruzko tailerra, autodefentsa tailerra, desiraren laborategia eta rap feminista tailerra. Iluntzean Urretxura joango dira kalejiran. Bertan izango da sari banaketa, 20:30ean hasita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!