[Analisia]: Zerk eragin du Durangon aldaketa posible izatea?

Markel Onaindia 2019ko mai. 27a, 18:28

40 urtez EAJ udal gobernuan egon ostean, ezkerreko aldaketa ate joka dago Durangon EH Bildu eta Herriaren Eskubidearen eskutik. Lehia egon arren, ezustekoa izan da ezkerrak gehiengo osoa lortzea. Zerk eragin du aldaketa hori? Jarraian gako nagusietako batzuk.

Partaidetza, gora
2015eko datuekin alderatuta, Durangoko partaidetzak 4 puntu gora egin du aurtengo udal hauteskundeetan. Lehiaren tamainaren erakusle da. Izan ere, alderdi guztiek irabazi dituzte botoak, PPk izan ezik. Hain zuzen, partaidetza handituta, PPri zinegotzi bat lortzeko langa igo zaio eta ordezkari barik geratu da.

Estazioko plana
Azken urteetako eztabaidagaia izan denak eztanda egin du urtebetean, Erabaki plataforma galdeketaren aldeko sinadurak batzen hasi ostean. Gero, polemika areagotu egin da, plana dekretu bidez onartu delako eta galdeketarako datarik ezarri ez delako. Proiektua beste garai batekoa dela argi geratu da, gobernu taldeak ere azken hileetan onartu lez. 

Airea
Airearen kalitatea durangarrentzat arazo nagusia dela ondorioztatu du udalaren ikerketa soziologikoak. Kezka handia sortu da, eta jendea mobilizatzen hasi da. Udalak airea ona dela esan izan du, azken hilabeteetan neurriak proposatu arte. Oposizioak, aldiz, sarritan salatu du kutsaduraren egoera.

Herri eta auzo mugimenduak
Aireari buruz jaiotako Durangairea plataformaren moduan, beste hainbat sortu dira herrian, oinarrian bizimodu hobe baten aldarria izan dutenak. Durangoko Familiak, 24 orduko pediatria, parkingaren aurkakoa Mikeldin, Erabaki, Zabalduko Ditugu gazte taldea... Asko Durangok Planto mugimenduan batu dira. Gainera, zenbait auzo elkartetatik ere kexak jaso izan ditu udalak.

EAJ gora, baina ez nahikoa
Bototan gora egin du EAJk. Aurpegi berria aurkeztuta eta kanpaina zabala eginda, boto-emaile berriak lortu ditu. Baina, ez zaio nahikoa izan gobernuari eusteko. Gainera, aipagarria da Batzar Nagusietarako baino 700 boto gutxiago lortu izana udalerako.

EH Bildu, alternatiba lez
Gobernu aldaketa nahi izan duten askok EH Bildu ikusi dute alternatiba lez (Batzar Nagusietarako baino 500 boto gehiago jaso ditu udalerako). Bototan gora egin du, kasik 8. zinegotzia lortzeraino. Legealdian zehar lan handia egin du auzoetan, batzar zabalen bidez auzokideen iritzia entzun eta ideiak udalera eramateko.

Herriaren Eskubidea, kaleko arazoen ahotsa
Duela lau urte heldu zen udalera, eta kasualitaterik ez zegoela erakutsi du aurten (zinegotzi bat gehiago lortu du, eta Batzar Nagusietarako baino 700 boto gehiago). Kaleko arazoen ahots bilakatu da udalean eta sare sozialetan, eta airearena da adibide bat. Lau urteko lana berretsi du alkategaia errepikatuta.

PSE-EE, ordezkaritza handitu ezinik
Alkategai eta zerrenda berria aurkeztuta bototan hazi da alderdi sozialista, eta baliteke hauteskunde orokorrek ere bultzada eman izana. Hala ere, ezin izan da bueltatu duela 8 urte lortutako 3 jarlekuetara. Duela 4 urte Herriaren Eskubidera joandako boto gehienak ez ditu berreskuratu.

PPren gainbehera
Durangoko PPk 4 zinegotzi zituen duela hogei urte, 1999an. Geroztik, behera etorri da eten barik. Azken legealdian polemika iturri izan da, Fran Garate zinegotzia eraso sexista bat leporatuta atxilotu zutelako. Mugimendu feministak gogor egin zuen protesta. Zerrendaburu berria ez da durangarra izan, eta horrek ere ez dio lagundu.

VOXen agerpena
Ultraeskuineko alderdiak zerrenda aurkeztu du Durangon eta 111 boto pilatu ditu. Ez da udalean sartuko, baina seguruenik boto horietako batzuek PPren hondoratzea bultzatu dute, ezkerreko aldaketa ekarriko duen zinegotzi banaketa zeharka lagunduta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!