Kutsadurari buruz asko berba egin da azken urteetan Durangaldean. Orain, plataforma sortzeko erabakia hartu duzue.
Pertsona lez ardura batzuk ditugu. Munduan dauzkagun gudekin batera, biktimarik gehien eragiten dituen arazoa airearen kutsadura da. Zer presentzia dauka horrek gure politikarien agendan? Bada, uste dugu ez dela nahikoa, ez diotela behar duen garrantzia ematen. Kaletik goazela, zelako hatsa dagoen sentitzen dugu, eta ez da hatsa bakarrik; batzuetan, arnasean ere kalte egiten dizula igartzen duzu. Politikariek airearen kutsadura lehentasunen artean mailarik gorenean ipini beharko luketela uste dugu.
Baina, airea lehenago ere ez al zen txarra? Edo, kutsaduragaz bizitzea onartuta geneukan?
Bizimodu hori eduki ahal izateko zerbait ordaindu behar duzun ustea, ezta? Plataforma moduan, gauza batzuei erantzun egin behar diegula uste dugu. Zuk ondo esan duzun lez, sentsazio hori beti eduki dugu. Igogailuko solasaldi bat izan liteke: "Zelako hatsa dagoen gaur. Ez dakigu zer arnasten dugun ere". Baina Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren webgunean begiratzen baduzu, lantegi bakoitzak zer isurtzen duen zerrendatuta dagoela ikusiko duzu: hainbat substantzia eta zenbat kilotan isurtzen den. Plataformatik hori jendearen begi aurrean ipini gura dugu. Minbizia kasu asko dagoela ere kaleko solasaldietako bat izan ohi da. Baina, zenbat? Bada, guk topatu dugu. Madrileko Carlos III Osasun Institutuak egindako ikeketa batean, estatu osoko 8.000 herri aztertu dituzte, eta ikusi dute lotura zuzena dagoela industriaren isurketen eta minbizi tasaren artean. %17 handiagoa da Durangaldea lako leku industrializatuetan. Kontu horiei guztiei erantzuteko etorri da plataforma.
Enpresek neurri batzuk hartu ahal dituzte isuriak kontrolatu eta murrizteko, eta herritarrok ere bai trafikoa gutxitzeko. Oinarrian ez al dago bizi eredu bat?
Egia da garraio publiko gehiago erabili ahalko genuela, horrela autoen erabilera gutxitzeko. Baina egia da ere, gaur egun badaudela teknologia batzuk autoan kutsatu barik mugitzeko. Auto elektrikoak hornitu ahal dituzu Oiz puntan dauden haize-errotekin edo eguzki plakekin. Eta hori bada politikariek egin dezaketen gauza bat. Askotan gure gain jartzen dugu ardura, baina politika batzuk garatu ahal dira. Astelehenean, auto elektrikoen karga azkarrerako puntu bat inauguratu zuten Gasteizen. Baina zeinek inauguratu zuen? Arantxa Tapiak Josu Jon Imazegaz [Petronorreko presidentea]. Beraz, nor ipintzen dugu oiloak zaintzen? Petrolio saltzailearen esku lagako dugu zein abiaduran ezarriko ditugun energia garbiak. Modu horretan, jendearen osasunaren aldeko irizpideak ez dira lehen lerroan jartzen.
Ministerioak isurketak zerrendatzen ditu, berez legearen barruan eginikoak direnak. Lantegietatik datozen isurien artean, zerk kezkatzen zaituzte?
Ministerioaren arabera, Boroako zentralak metanoa, karbono dioxidoa, oxido nitrosoa... isurtzen ditu. Alcoak karbono dioxidoa, kadmioa, kloroa... Iurretako paper fabrikak karbono monoxidoa, amoniakoa... Fumbarrik sufrea, bentzenoa, hidrogeno zianuroa... Eta horrela segi daiteke lantegi askogaz. Durangaldean mendi altuez inguratuta gaude, eta bailaran 80.000 pertsona bizi gara. Isurketa horiekin guztiekin eta daukagun orografia kontuan hartuta, haizea da alde dugun gauza bakarra. Haizerik ez badabil, kutsadura arnastuko dugu.
Eusko Jaurlaritzak azken ikerketaren berri ematean azaldu du bentzenoa detektatu zutela Durangon, baina galdategiek ez dutela materia hori erabiltzeko ohiturarik. Horregatik, ikerketa zehatz bat egin zuen Fumbarri eta Funsan fundizioetan, eta, azkenean, isuria egiaztatu zuen. Baina lehendik datu ofizialetan bazegoen, ez al zen jakineko gauza?
Ni ere harritu egin naiz hori irakurtzerakoan. Iturri ofizialaren arabera, 2017an 249 kilo bentzeno bota zituen Fumbarrik airera. Zelan da posible Jaurlaritzaren hasierako txostenak esatea ez dakitela bentzenoa nondik datorren? Ministerioko datuetan, Durangaldeko galdategi guztietan agertzen dira bentzeno isurketak.
Durangoko Udalak neurriak ezartzea eskatu die galdategi biei, eta lasaitasun mezua igorri du, isurketak lege mugen barruan egon direlako.
Arduratzekoa iruditzen zait legealdi osoan arazoa ukatzen ibiltzea, eta amaitzeko hile bi falta direnean txostenak eta zorroztasun mezuak agertzea.
Aire neurketetan, kutsadura maila altuak egon direla salatu izan duzue. Ecologistas en Acción erakundearen ikerketek ere diote PM2,5 partikuletan Osasunerako Mundu Erakundeak aholkatutako mugak gainditzen direla Durangaldean.
Urtean zehar, aste batzuk kutsadura maila altuagaz pasatzen ditugu. Batzuetan, estatuko txapeldunak ere izaten gara; Durangaldean markatzen ditugu daturik altuenak, Madrilen zein Bartzelonan baino gehiago. Mugekin zorrotzagoak izatea pentsatu beharko genuke. Bestalde, grafikoetan agertzen diren hutsune edo datu faltak, non daude?
Pinuen gaixotasunari aurre egiteko kobre oxido bidezko fumigazioaren aurka agertu zarete. Espainiar Gobernuak ez du eman airez fumigatzeko baimenik, eta lurretik egingo dute.
Eragin dugun klima aldaketak landareak gaixotzen ditu, eta izurriteak azkarrago hedatzea dakar horrek. Orain sekulako arazoa daukagu basoetan, eta era jasangarri batean aurre egin beharrean, ez dugu kontuan hartu pertsonen eta mendien osasuna. Gauza hauek guztiak egin aurretik, jendearen osasunari begira irtenbiderik onena zein izan daitekeen aztertu behar dela uste dugu, eta hori ipini beste faktore guztien gainetik. Europan badaude leku batzuk basoak beste era batean kudeatzen dituztenak; ez dute monokultiboa garatzen. Bestalde, ezin dena ulertu da, horrelako arazoa dugun herri bateko alkateak udal lurrak eskaintzea fumigazio esperimental baterako.
Durangon herritarren kezka nagusia da kutsadura, udal inkestaren arabera. Salaketa lanak izango du zerikusirik, ezta?
Igartzen dugu jendea kontzientziatuta dagoela, gehiago arduratzen dela. Ez da dena plataformaren lanari esker, baina lorpen bat dela uste dugu. Plataforma dagoenetik, gure argitalpenek zabalpena dutela ikusi dugu. Gainera, jendea aktiboago dago; edozeinek ematen du datuen abisua. Agintariei presio egin behar diegula uste dugu, lehenik eta behin guri informazioa emateko, eta gero gure osasunaren alde egiteko. Zergatik ez dute kalean panel bat ipintzen, egunean dauden isurketa mailen berri emateko? Akaso egun batzuetan ez da osasuntsua korrika egitera joatea. Presio hori igarri dutenean, zerbait mugitu dira. Aldaketa modura, esango dizut, Arriandi eta Berna auzoen artean bizi garenok ez ditugula lehengo gauetako isurketa bortitzak nabaritu. Leihoak zarratuta ere igartzen zen kutsadura, lotan geunden bitartean. Aldaketa hori ere presioaren lorpen bat dela uste dut.
Aurrera begira, zer asmo duzue? Zer ekintza egingo duzue?
Aurkezpenak egingo ditugu, eta kalean mahai informatiboak ipiniko ditugu. Aurretiaz, elkarretaratzeak egin izan ditugu, eta ez dugu horrelakorik deskartatzen. Medikuren bategaz berba egin gura dugu, jendearen aurrean informazioa eman dezan. Bestalde, edozein eragilegaz batzartzeko prest gaude, ekarpenak egiteko helburuz.