Azken urteetan era askotako hainbat plataforma sortu dira Durangon, eta aldarrikapenak kaleetan zabaldu dituzte. Hauxek dira Durangok Planto ekimenean batu direnak: Erabaki, AP8-Peajerik ez, Mikeldi-Olazaraneko bizilagunak, Durangoko Familiak, Aire kalitatearen inguruko plataforma, Berandu baino lehen Gorka etxera, 24 orduko pediatria, Herria auzo elkartea, Pentsio duinen aldeko taldea, Zaratarik ez, eta Zabalduko Ditugu. Familietako kide Maria Oñatek eta Mikeldiko bizilagun Ortzi Egiak egin dute berba denen izenean.
Sektore anitzak izan arren, nabarmendu dute gauza batek batzen dituela, udalagaz edukitako harremanak. Euren eskariak "entzun ere ez" dituela egiten diote. "Parte-hartzeaz berba egiten dute, baina errealitatea bestelakoa da". Hain zuzen ere, euren asmoa herritarren partaidetza sustatzea dela esan dute, eta bide horretatik "kontzientziak astindu". Gainera, azpimarratu dute mugimendu apolitikoa dela eurena.
Txupinazoko ekintzarako, zapiak egunean bertan banatuko dituzte. Hala ere, azaldu dute ez dutela jaietako betiko zapia ordezkatzerik gura, horrekin batzen den dirua JAEDentzat izaten delako.