Eskualdean, Durangon eta Zornotzan bakarrik daude airea neurtzeko gailuak, eta Julian Riosek adierazi du beste herrietan ere ezartzea gura dutela, "kutsaduraren irudi erreal eta eguneratu bat izateko". Gainera, gogoratu du Durangoko estazioan "datuen herena" falta dela, bere ustez maila altuak daudenean "saturatu" egiten delako. Airearena "arazo serioa" dela nabarmendu du Riosek; Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) egindako ohartarazpenak eta Pedro Sanchez Espainiako presidenteak asteon esandakoak -estatuan urtero 30.000 lagun hiltzen direla kutsadura atmosferikoagatik- ipini ditu mahai gainean. Durangon egondako kutsadura datuez ohartarazten dihardu Herriaren Eskubideak azken urte eta erdian.
Estazioez gainera, beste hiru neurri eskatu dituzte: neurketa balioak OMEk ezarritako balioetara murriztea, herritarrak neurketez uneoro informatzea eta herritarrak babesteko protokolo bat diseinatzea.
Osasun sailari
Becerrak estazio sarearen azterketa egiteko erantzukizuna eskatuko dio Jaurlaritzari, eta Osasun sailari airea hobetzeko neurriak har ditzala ere bai, trafikoa murriztea edota arauak betetzen ez dituzten enpresek aurka egitea, adibidez. Durangaldeari dagokionez, "kezka eta arazo handienetakoa" dagoen lurraldea dela esan du.