Durangon EAJk irabaziko lituzke hauteskundeak, udalak eginiko ikerketa soziopolitikoaren arabera

Anboto 2019ko ots. 5a, 18:00

600 herritarren artean inkesta eginez osatu dute ikerketa. Horiek emandako iritziaren arabera, EAJk irabaziko lituzke udal hauteskundeak, eta zinegotzi kopuru bera errepikatu: EAJk 8, EH Bilduk 7, Herriaren Eskubideak 3, PSE-EEk 2 eta PPk 1.

Elkarrizketatutako pertsonen %29,8ri hurrengo udal hauteskundeak EAJ-PNVk irabaztea gustatuko litzaioke, %17,2k EH Bildugatik apustu egiten duen bitartean eta %3,7ak Herriaren Eskubideagatik. Legealdiko balorazio lez, Aitziber Irigoras alkate jeltzaleak 55,72ko datua lortu du; EH Bilduko Dani Maeztuk 22,75; PSE-EEko Pilar Riosek 20,48; Herriaren Eskubideko Julian Riosek 14,30 eta PPko Francisco Garatek 6,42.

Airea, kezka nagusi

Bestalde, herriko arazo eta beharrizanengatik ere galdetu dute inkestan. Airearen kutsadura da kezka nagusia, %23,3k aipatu dutena. Horren aurrean, udalak informatu du 70.000 euro inbertituko dituela usain txarraren jatorria aztertzeko, eta gero neurriak hartzeko. Aparte, aparkaleku gabezia (%18) eta trafikoa izan dira inkestatuen artean arazo handienak. Udalaren arabera, %70ek herri kanpoan disuasiorako parking bat eraikitzea ondo ikusten dute.

Aurrera begirako obren inguruan erantzun espontaneoak eskatuta, %10,8k gune berde gehiago sortzea eskatu dute, eta %5,7k estazioko eremua berritzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!