Fran Garateren auzia

Durangoko bilkura bertan behera gelditu da hainbat feministak kantuz protesta egin ostean

Anboto 2017ko mai. 23a, 17:27

Osoko bilkura hasteaz bat bertan behera gelditu da. Aurreko hilean, berriz, 15 minutuz eten zuen batzarra Durangoko alkateak.

Sexu abusu saiakeragatik salatutako Fran Garate zinegotziaren dimisioa eskatzeko hainbat feministek Durangoko plenoa eten dute abesti bat kantatuz. Aurpegian karetak zituztela, bafle batetik musika ipini eta kantuan eta dantzan hasi dira. PPko zinegotziaren inguruko letra zeukan abestiak. Jarraian, Garate eta beste hainbat zinegotzi aretotik irten dira, eta gobernuko arduradunek bilkura bertan behera uztea erabaki dute.

EH Bilduko Dani Maeztuk prentsarako adierazpenak egin ditu amaieran, eta alkateak bilkura bertan behera utzi izana kritikatu du. "Berriro ere agerian geratu da ez daukala bilkura kudeatzeko gaitasunik. Ekimena bukatzerakoan bilkuragaz jarraitu ahalko zela ikusten zen". Bere ustez, "bilkura da gaur egun Durangon herritarrek iritzia emateko duten foro ia bakarra". Bestalde, Maezturen arabera arazoa ez da herritarrek bilkura etetea, Garatek udalean jarraitzea baizik, eta "alkateak ere hori jakin behar du". Udalbatzarrak dimititzeko eskatu zion zinegotziari duela hile biko batzarrean. "Guztiz zentzuzkoa iruditzen zaigu herritarrek gogoratzea dimititu egin behar duela", esan du koalizioko kideak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!