
Durangoko Napar txokoak lehia gastronomiko bitxia hartu zuen maiatzean: bi bazkide, lau pintxo eta ohorea jokoan. Zigor Gerediaga eta Ortzi Egia elkarren aurka aritu ziren, nork pintxo hobeak prestatu. Txokoko kideek pintxoak dastatu eta puntuatu zituzten, giro ezin hobean. Lehia baino gehiago lagunarteko giroa eta mokadu goxoak izan ziren egun hartako osagai nagusiak.
Lehiaketako bideoa: LOTURA HEMEN

Urtarrilean, Garai izena espaziora iritsi zen, nahiz eta ez izan gure eskualdeko udalerria orbitara bidaiatu zuena, izen bereko satelitea baino. Satlantis euskal enpresak garatutako Garai sateliteak Kaliforniako Vandenbergeko aire-basetik egin zuen espaziorako jauzia, Falcon 9 kohetearen barruan. Ordutik lurra zaintzen dabil han goian. Berotegi-efektuko gasak, suteak eta hondamendi naturalak monitorizatzea du xede, begi zorrotzez hornituta.
Albistea: LOTURA HEMEN

Urtarrilean, Berrizek ezohiko apustua hartu zuen: sukaldari bat eta korrikalari bat aurrez aurre, bakoitza bere espezialitatean. Markel Etxaniz sukaldariak 15 kilo tipula mozteko erronka hartu zuen, eta Mikel Aguado gorputz hezkuntzako irakasleak, berriz, Andikoatik Hormastegira jaitsi eta bueltan aldapan gora korrika egitekoa. Herritarren aurrean jokatutako lehia estuan, labana azkarragoa izan zen hankak baino.
Bideoa eta argazkiak: LOTURA HEMEN
Durangok pilota jaialdi berezia bizi izan zuen urrian, pilotari mitikoak eta etxekoak uztartuta. Titin III.a eta Mikel Goñi Ezkurdi Jai Alain izan ziren, Ander Antxia abadiñarrarekin eta Unai Agirrezabal durangarrarekin binaka aritzeko. Partiduak ikusmina eragin zuen eta pilotalekua bete egin zen. Pilota gomako partiduak ere jokatu ziren.
Pilota jaialdian momentu hunkigarri bat ere izan zen. Partiden artean, pilotariek zein pilotazaleek Ander Martin omendu dute, Durangoko pilota klubeko entrenatzaile eta Euskal Pilota Federazioko kide izandakoa. Mallabitarrak lan handia egin zuen pilota sustatzen.
Argazki galeria eta kronika: LOTURA HEMEN
Antxia eta Agirrezabali egindako elkarrizketa: LOTURA HEMEN

Abadiñoko San Trokaz jaietan, Gerbas hegan joan zen urtero lez. Egun horren harira, Gerbasek 1993an egindako hegaldi berezi bat gogoratu genuen: Ingalaterrako etxe bateko lorategian lurreratu zenekoa. Javier Uriarte orduko alkateak gogoratu zuen nola ingelesek "harriduraz" hartu zuten bisitaria eta nola udaletxera deitu zuten jakitera emateko. Hurrengo urtean, Tony eta Veronica Brown bikote ingelesa Abadiñora etorri zen, panpinaren abentura bertatik bertara ezagutzeko eta jaiekin gozatzeko.
Gerbas jaietako pertsonaia legez ailegatu da gaur arte, baina nor izan zen haren atzeko hezur-haragizko pertsona? Benetan, Julian Agirre Zubizarreta izeneko koblakari bat izan zen, 1869an jaiotakoa. Herrian ezaguna izan zen bere dohain eta musikagatik. Jai batzordeak hamarkada batzuk geroago panpina sortu zuenean, Julianengan oinarritu zen. Horrela, Gerbasek abadiñarren iruditegi kolektiboan iraun du gaur arte.
Hegaldiari buruzko albistea eta argazkiak: LOTURA HEMEN
Julian Agirreri buruzko albistea eta argazkiak: LOTURA HEMEN
'Kintaden' urtea izan da

Aurten, kintoen bazkari ugari egin dira Durangaldean. Urtean zehar 1945eko, 1959ko, 1975eko eta 1986ko kintoen berri jaso dugu ANBOTOn. Gehiago ere izango ziren beharbada, baina jasotakoek ondo erakusten dute kintoen bazkariak modan daudela, herrietan giro berezia sortuz.
1945ekon bazkaria Durangon: LOTURA HEMEN
1959koen bazkaria Iurretan: LOTURA HEMEN
1975ekoen bazkaria Durangon: LOTURA HEMEN
1986koen bazkaria Durangon: LOTURA HEMEN

Familiako musika-transmisioaren isla dira Alex Axkoeta eta bere hiru alabak: irati, Garazi eta Naiare. Alex eta Irati txistuagaz eta danbolinagaz, eta Garazi eta Naiare klarineteagaz eta zeharkako flautagaz, kaleak doinuz alaitzera irteten dira. Jaizale elkarteko kide dira. Iraileko alean egindako elkarrizketan gehiago jakin genuen eurei buruz.
Bideoa eta elkarrizketa: LOTURA HEMEN