'Garai': satelite berria espazioan

Ekaitz Herrera 2025ko urt. 17a, 18:15

IREKIA

Garaik espazioa konkistatu duela dirudi. Ez udalerriak, izen bereko sateliteak baino. Izan ere, Satlantis euskal enpresak Garai satelitea espazioratu du duela ordu gutxi. Alabaina, zeintzuk dira misterio honen oinarriak? 

Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, Satlantis enpresak Garai satelitea ipini du orbitan, Euskal Automia Erkidegoan espazioratzen den laugarrena. Transporter-12 misioan zeruratu dute, Falcon 9 kohetean, nondik eta Vandenbergeko aire-basetik (Kalifornia). Alabaina, zergatik ipini diote izen hori? Gure eskualdeko udalerriagatik? Ez, ez. Argentinako Buenos Aires hiriburua sortu zuen esploratzaile eta konkistatzaileren omenez ipini diote izen hori, Juan de Garairen omenez. 

Garai mikrosatelite bat da, 115 kilokoa, eta honako misio hau izango du: berotegi-efektuko gasen emisioak monitorizatzea, hondamendi naturalak eta suteak iragartzea, eta energia garraiatzeko sareen galerak zaintzea. Horretarako, bereizmen handiko kamerez eta tresna optikoz hornituta dago. Ikerketa-gailua Satlantis enpresak garatu du, Euskal Herriko Arrisku-Kapitaren Kudeaketa Sozietatearen bitartez (kapital horren % 6,45 Eusko Jaurlaritzarena da). Enpresak Leioako Campusean du egoitza, Parke Teknologikoan.

Espazioratze ekitaldian parte hartu dute Juan Tomás Hernanik,  Satlantiseko zuzendari exekutiboak, Andoitz Korta Industria Sustapeneko sailburuordeak, Ainara Basurko Ekonomia Sustapeneko Bizkaiko foru diputatuak eta Arrate Aranbarrik Euskal Herriko Arrisku-Kapitalaren Kudeaketa Sozietatearen zuzendari nagusia. Azaldu dutenez, mundu mailako satelite aurreratuenen artean kokatu da Garai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!