[BIDEOA]: 'Kipula lasterketa', sukaldari baten eta korrikalari baten arteko apustua Berrizen

Ekaitz Herrera 2025ko urt. 7a, 16:08

Sukaldari bat korrikalari baten kontra lehian. Posible ote? Berrizen, behintzat, bai, egin dute. Markel Etxaniz sukaldaria eta Mikel Aguado kirolaria parez pare jarri ziren urtarrilaren 5eko Kipula lasterketan. Lehenengoak hamabost kilo tipula juliana eran mozteko erronka hartu zuen; bigarrenak, bitartean, Andikoatik Hormastegi baserrira korrika jaitsi eta bueltan Andikoara igotzekoa. Alabaina, nork amaitu zuen zeregina lehenago?

Markel Etxaniz sukaldariak eta Mikel Aguado kirolariak ezin apustu bitxiagoa jokatu zuten urtarrilaren 5ean, Andikoa auzoan: Kipula lasterketa. Sukaldari bat eta korrikalari bat elkarren kontra ibili ziren lehian. Bakoitzak zeregin bana zeukan: hamabost kilo tipula juliana eran mozteko helburua Etxanizek, eta, Andikoatik Hormastegi baserrira jaitsi eta bueltan gora igotzekoa Aguadok (3 kilometro eta egundoko aldapa). Etxanizek halantxik testuinguratu du erronka: "Lagunartean beti sortzen dira halako erronkak, eta gurea ere halantxik sortu zen, afari baten bueltan. Norbere espezialitatetik hasita, elkarren kontrako apustua egin beharko genukeela komentatzen hasi ginen, elkarri zirika. Sukaldaria naizenez, tipula mozten egingo nuen nik. Eta gorputz hezkuntzako irakaslea eta futbolaria denez, arineketan egingo zuen Mikelek. Txorakeria bat zena seriotuz joan zen, harik eta azkenean apustua elkarri bota genion arte", azaldu du Etxanizek.

Esan eta egin. Andikoako elizaren inguruak jendez bete ziren urtarrilaren 5eko 11:30ean. Herritar ugari bertaratu zen ezohiko irudia zuzen-zuzenean ikusteko. Auzotarrek hango elkarte gastronomikoa zabaldu zuten, musika jarri eta apustuzaleen irrika asetzeko porrak egiten hasi ziren. "Berrehun euro baino gehiago batu zituen porrak. Apustuzalerik gehienek nire alde egin zuten!", adierazi du Etxanizek, barrez. Bestalde, apustuari berari dagokionez, sukaldariak eta korrikalariak kuadrillakoentzako afaria ipini zuten jokoan. "Hau da, apustua galtzen zuenak gu bion kuadrillentzako afaria ordainduko zuen Hormastegi elkarte gastronomikoan", zehaztu du Etxanizek. Erronka hastear zela, dantzariek dantza saioa eskaini zieten probalari biei.

Apustua hasi eta hamahiru minutu eta hogeita zortzi segundora argitu ziren zalantzak. Nork amaitu zuen proba lehenago? Bada, sukaldariak. Etxanizek 00:13:28ko denboragaz txikitu zituen tipula guztiak juliana eran. Aguadok minutu apur batzuk gehiago behar izan zituen Andikoara aldapan gora korrika bueltatzeko: 00:16:30ko denboragaz amaitu zuen proba. Horrenbestez, Aguado arduratu zen egun horretan bertan kuadrilla bientzako otordua ordaintzeaz, 30 lagunentzako afariaz.

Eta etorriko ote dira halako hitzordu gehiago? Etxanizek ez du dudarik. "Erronkak ikusmin handia sortu zuen, herritarren arreta piztu zuen. Beti bi korrikalariren arteko apustuak edo frontenis jokalarien arteko apustuak egiten ibili barik, polita da horrelakoak ere egitea. Zerbait gehiago etorriko da, seguru", azaldu du Etxanizek. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!