San Trokaz jaiak

Julian Agirre Zubizarreta zuen izena

Ekaitz Herrera 2025ko mai. 23a, 09:30

Julian Agirre Zubizarreta 'Gerbas', 1940ko hamarkada bueltan, udaletxearen atzealdean. ABADIÑOKO UDALA.

'Gerbas' Abadiñoko jai nagusietako pertsonaia legez ailegatu da gaur arte, baina nor izan zen haren atzeko hezur-haragizko pertsona? Erreportaje honetan, ANBOTOk izena eta izana ipini dizkio panpina maitatuaren atzeko koblakari ezezagunari

Hamarnaka puxika koloretsuri lotuta, Txanporta plaza bete-beterik dagoela eta herritarrek irribarrea dutela ahoan. Abadiñarrek halantxik aireratzen dute urtero-urtero Gerbas, santrokazetako pertsonaia maitatua. Baina, zein izan zen pertsonaiaren atzeko pertsona? Benetan existitu ote zen? Ba, bai. Esaera zaharrak dioen legez, izena duen guztia existitzen da, eta, kasu honetan ere, halantxik da: Gerbas koblakaria, bene-benetan bizi izan zen. 

Julian Agirre Zubizarreta zuen izena, eta, Bizkaiko elizbarrutiko bataiatze-agirien arabera, 1869ko martxoaren 16an jaio zen, Abadiñoko Belen etxean, gaur egun Gerbasena legez ezagutzen den baserrian. Bere aita Gervasio Agirre Lupiola izan zen (beharbada aitarengandik etorriko zitzaion geroagoko gatxizena) eta bere ama Agustina Zubizarreta Alberdi. Hamar seme-alabaren artean seigarrena izan zen, eta anaia bikotxa izan zuen: Anselmo. Honako hauek ziren gainerako neba-arrebak: Eulalia, Guillermo, Fausta, Felipe, Maria Dolores, Raimunda, Gorgonio eta Dominica. 

Gaur egun, Maritere eta Abel Uribeganekoa Agirre bizi dira Gerbasen jaiotetxean, Gerbasenean. Neba-arreba biak koblakariaren senide zuzenak dira, Julian Agirre euren amaren osaba izan zen eta. "Guk ez genuen ezagutu, eta familian berba gutxi egiten zen osaba Julian-'Gerbas'-i buruz. Badakigu gizon ona zena, maitagarria, inori txarrik egiten ez ziona, eta badakigu ez zitzaiola behar egitea batere gustatzen. Bere anaia bikotxa [Anselmo] abade ibili zen Garain, ganadua ere bazeukan, eta beharrean hastera bultzatzen zuen osaba Julian-Gerbas. Baina, ez ba! Gurago izaten zuen kantuan ibili", azaldu du Maritere Uribeganekoak. Abelek ere ondo gogoan du etxean entzuniko beste pasadizo bat: "Oso pertsona alaia zen. Beti zegoen umore onez. Udatiarrak, aberatsak, Abadiñora etortzen zirenean, Gerbasek abestu egiten zien. Astebeterako eroaten zuten osaba Julian-'Gerbas' eurekin. Jaten eta edaten ematen zioten, eta hark, trukean, abestu egiten zien. Hori bai, behar konturik, ezta ezta...!", azaldu du Abelek, irribarrez.

Artista bohemioa
Batek daki. Beharbada, XIX. mendean zabaldutako korronte artistiko bohemioaren adierazle izango zen 'Gerbas'. Maritereren eta Abelen esanek, eta Abadiñoko hauteskunde erroldako agiriek ere joera hori izan zezakeela iradokitzen dute. Izan ere, 1895eko hauteskunde agirietan, 'Gerbas'-ek 25 urte zituela, otzaragilea zela dago jasota. Baina urte batzuk geroago, 1908ko hauteskunde erroldan, beste ogibide bat zuela ageri da: batetik besterako artista, edo artista ibiltaria. Bestalde, agiriok baliagarriak dira Abadiñon zabalduta dagoen uste bat gezurtatzeko, hainbat herritarrek itsua zela uste izan dute eta. Ez zen horrela. 1895eko eta 1908ko erroldetan jasota dagoenez, Julian Agirrek irakurtzen eta idazten zekien. Maritere Uribeganekoak ere horixe baieztatzen du: "Gutxi ikusten zuen, baina ez zen itsua. Hori bai, egoeraren arabera halantxik jokatzea komeni bazitzaion, ez zuela ikusten esaten zuen". 'Gerbas'-ek gitarra jotzen zuela ere zabaldu zen, baina ez ei da egia, nahiz eta jaietako panpinak gitarra eskuetan duen urtero-urtero. Julian Agirreren musika-tresna zarrabetea zen, biolinaren antzeko instrumentu mekanikoa. Hainbat abesti konposatu zuen tresna horregaz: Si tus labios son de coral eta Kyrieleisson cafes con leches que ricas son, adibidez. Abadiñoko Udalak 1987an kaleratutako Abadiño Ezagutzen liburuan letrak eta partiturak daude. Felix Larrañaga 'Gerbas'-en auzokideak jaso zituen abestiok, ahoz.

Pertsonatik pertsonaiara
1940ko hamarkada bueltan, gaur egungo Abadiñoko udaletxea ongintzako ospitale legez erabili zen. "Azken urteetan, 'Gerbas' han bizi izan zen, mojekin", zehaztu du Mariterek. Orrialde honetako irudia da horren erakusgarri. Traña-Matiena: izen bi, historia bakarra liburuan halantxik dago jasota. Liburuan deskribatzen denez, 1945 bueltako argazkia da. 'Gerbas' erdian ageri da, zarrabetea eskuetan. Aldamenean zutunik dagoen gizonezkoa Juan Olazaran abade durangarra da; eta atzeko emakumea ongintzako ospitaleko arduraduna. Irudi hori 'Gerbas'-en dokumentu grafiko ezagun bakarrenetarikoa da.

Edozelan ere, argi dagoena da 'Gerbas' maitatuak gaurdaino iraun duela abadiñarren iruditegi kolektiboan; santrokazetako panpina da horren adibide. Panpina hegalaria 1979ko jaietan aireratu zuten lehenengoz, hamarkada batzuk lehenagora arte bizi izandako herritarraren omenez. Hau da, Bilboko Aste Nagusiak Marijaia kaleratu eta urtebetera erabaki zuen Abadiñoko jai batzordeak antzera bateko pertsonaia sortzea. Garai hartako jai batzordeko kideek ume-umeak zirela ezagutu zuten 'Gerbas', eta haren irudia betiko geratu zitzaien barruan sartuta. Eta hasieratik gauza bat behintzat argi izan zuten: jaien amaieran ez zuten pertsonaia erreko. Halakorik ez gero. Eta halantxik, jai batzordeko kideek hezur-haragizko pertsonaren mundu ikuskera bera eskaini zioten jaietako pertsonaiari: amets egiteko aukera, hegan irtetekoa. Askatasuna, funtsean

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!