Ezin ziurtatu kintoak ospatzea bolada kontua denik, baina argi dago hainbat direla adin bereko herritarrekin batuta eskola-garaia, nerabezaroa, nostalgia edo, funtsean, laguntasuna ospatzea erabakitzen dutenak. Apiril hasieran, adibidez, 1975eko kintoek ospakizuna egin zuten Durangon. Ekainean, Iurretako 1959koen txanda iritsi zen. Joan zen asteburuan, 1945ko durangarrak batu ziren bazkaritarako, eta atzo, argazkian ikus daitezkeen guztiak: Durangoko Gran Hotelean egin zituzten bazkaria eta ondorengo dantzaldia. 70 lagun baino gehiago batu ziren, Durangoko eta Iurretako ikastetxeetan ibilitakoak guztiak.
Datorren asteburuari begira ere, 1983ko lagunak zerbait ospatzeko mugitzen hasi dira Elorrion.