"Inor ez da kapaz Goñiren ikuskizuna emateko"

Joseba Derteano 2025ko urr. 17a, 13:00

Unai Agirrezabal eta Ander Antxia, Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan.

Dena prest dago gaur 19:00etan Ezkurdi Jai Alain hasiko den jaialdirako. Ander Antxia Pagaldaik (Abadiño, 1980) Titin III.agaz jokatuko du, eta Unai Agirrezabal Unamunzagak (Durango, 1989) Mikel Goñigaz. Ikuskizuna segurtatuta dagoela diote. Jaialdiaren barruan Ander Martin gogoratu eta omenduko dute. Urte askoan Durangoko Pelotazale Klubeko entrenatzailea izan zen.

Inoiz jokatu duzue Titinegaz edo Goñigaz?
Unai Agirrezabal: Euregaz ez, baina Titinen kontra bai, behin. Orain zazpi bat urte izan zen, Durangoko San Fausto jaietan. 
Ander Antxia: Nik Goñigaz behin jokatu nuen, orain 15-20 urte, trinketean. 
U.A.: Eta behin jokatu dut Anderren kontra. Orain bederatzi bat urte izan zen, Burgosko Pancorbo herrian, udako jaietan. 

Titinek 56 urte ditu. Eutsiko ote dio partiduko erritmoari?
A.A.: Badu adin bat, bai, baina garrantzitsuena da lehen ondo zekiela tantoa amaitzen eta orain ere jakingo duela. Bere fisikoak ez dit ardura. Neuk egingo dut arineketan, berak tantoak amaitzen baditu. 

Unai, zeu ibiliko zara aurrelari eta zeuri egokituko zaizu Titinen gantxoak eramatea.
U.A.: Neuri tokatuko zait alderik alde korrika ibiltzea! Batzuk sartzen badizkit ez dit ardura, ikuskizuna ona bada. 

Zer sasoitan etorriko ote da Goñi?
U.A.: Ez dakit, baina biok geure onena emango dugu, dudarik barik!
A.A.: Ez dakit udan Mikelek beste partidu jokatu duen pilotaririk badagoen. Partidu asko jokatu du. Orduan, ondo etorriko dela uste dut. 

Fisikoki hobeto edo txartoago, Mikelek beti pizten du ikusmina?
U.A.: Seguru ikuskizuna emango duena.
A.A.: Beste inor ere ez da kapaz Goñiren ikuskizuna emateko. Ez dago hoberik jendea frontoira erakartzeko. Esango nuke gaur egun Altuna eta Goñi direla frontoira jenderik gehien eramaten duten pilotariak. Mikelek beti betetzen du frontoia, Euskal Herrian zein kanpora joan izan denetan.

Pilota goxuagaz jokatzeak ikuskizunari laguntzen dio? 
U.A.: Baietz esango nuke. Ander eta biok bigunagaz jokatzera ohituta gaude. Pilotari ohi batzuk eguenero batzen gara San Fausto frontoian, izerdi apur bat botatzeko. Zazpi bat batzen gara orain bi-hiru urtetik.

Sarrera asko saldu ei da. 
U.A.: Albiste ona da. Horixe zen helburua, ahalik eta jenderik gehien batzea. Gainera, Ander Martinen omenaldia denez, horrek ere jendea erakarri duela uste dut.
A.A.: Ander San Faustora etortzen zenetariko bat da. 

Nork irabaziko du? 
A.A.: Guk, dudarik barik. Unai jakitun dago, badaki galdu egingo dutela, tanto bategaitik edo bigaitik bada ere (barreak). 
U.A.: Ez dauka arrazoirik. Nik neure alde egingo dut: 22-20, geuk irabazi. Batera zein bestera, ikuskizuna segurtatuta dago.

Zelakoa zen Ander Martin eta zelako ekarpena egin zion pilotari? 
A.A.: Ander pilotaren sinonimo zen. Euskadiko Pilota Federazioan lan handia egin zuen. Ander eta Kepa Arroitajauregi asko borrokatu ziren euskal selekzioaren alde. Pena da selekzioa ofizialki lehiatzen hasi denean biek euren lanaren fruituagaz ezin gozatzea. Trinketean Tornosolo klubeko presidentea ere izan zen, Keparen ondoren. 

Durangoko Pelotazale Klubagaz lotura izan zuen.
U.A.: Bai, ni klubeko presidente nintzela bera entrenatzaile ibili zen. Lan itzela egin zuen pilotaren eta euskal selekzioaren alde. Kantxa barruan legez, handik kanpora ere borrokalaria izan zen. Kuriositate legez, nik pilotan zuriz jantzita jokaturiko azken partidua beragaz izan zen, Bizkaiko herri artekoan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!