Elgoibar, Mendaro, Erroibar, Katalunia eta Kantauri itsasoa. 1979an lehenengoz aireratu zutenetik, 'Gerbas'-ek hainbat lekutan lur hartu du, baina bidaiarik luzeena eta bitxiena 1993koa izan zen, inondik ere. Urte hartan, panpina Ingalaterraraino ailegatu zen; Birmingham ondoko Nuneaton hirian lurreratu zen. Tony eta Veronica Brown zur eta lur geratu ziren etxeko lorategian ezohiko bisitaria jausten ikusi zutenean. Eurek 'erreskatatu' zuten 'Gerbas', eta hiriko aldizkari bati eman zioten aurkikuntzaren berri. Albiste hura gure eskualdera ere ailegatu zen gerora, Eraz astekariak Ingalaterran gertatutakoaren berri eman zuen-eta Durangaldean, irudian ikusi daitekeenez.
Esandako moduan, 1993. urtea zen eta sasoi hartan Javier Uriarte zen Abadiñoko alkatea. Uriartek ondo akorduan du gertaturikoa: "Bikote ingelesa 'Gerbas'-ek aldean zeramatzan euskarazko eta gaztelaniazko mezuak argitzen hasi zen. Euren lagun bati eskerrak lortu zuten mezua ulertzea, gaztelania ulertzen zuen bati eskerrak. Eta, orduan, udaletxera deitu zuten. Gizon itxurako panpina bat topatu zutela esan ziguten, eta guk baietz erantzun genien, halantxik zela. "Baina, zelan da posible?", galdetzen ziguten. Gure ohitura zela azaldu genien, eta dena ulertu zutenean, usadio polita genuela esan ziguten. Behin horiek argituta, Abadiñora egun batzuk pasatzera etorri gura ote zuten galdetu genien. Baiezkoa eman ziguten", azaldu du Uriartek, irribarrea ahoan. Izan ere, orain urte batzuk arte, Abadiñoko Udalak 'Gerbas' topatzen zuena saritzeko ohitura izan du: asteburu-pasa eta egonaldia eskaini izan die opari panpina hegalaria topatzen zutenei. Eta halantxik, hurrengo urtean, 1994an, Veronica eta Tony Brown ingelesak Abadiñoko santrokazetara etorri ziren herria ezagutu eta jaiez gozatzera. "Oso bikote jatorra zen, kategoriakoa. Hiru bat egun egin zituzten hemen, poz-pozik. Udalak bere gain hartu zituen gastu guztiak, hegaldia eta ostatua barne. Egonaldian zehar, Luis Berrizbeitia eta Juan Antonio Atutxa herritarrak izan zituzten zelanbaiteko gidari", gogoratu du orduko alkateak.
Ibilbide gastronomikoa
Ingelesek abadiñar horiek biak izan zituzten, hain zuzen ere, egonaldiko arduradun. Atutxak, adibidez, ondo gogoan du ingelesekin partekatutako esperientzia: "Behin, Abadiñoko Milikuena jatetxera eraman genituen bazkaltzera. Beste behin, Elorrioko Txirri jatetxera. Horrez gainera, akorduan daukat asteburu hartan Berbaroren bosgarren urteurrena zela eta bazkaria zegoela Kurutziaga ikastolan. hara ere eraman genituen". Han eta hemen bazkaldu bitartean, abadiñar biek hemengo gastronomia eta ohiturak erakutsi zizketen ingeles biei. "Txipiroiak bere tintan dastatzeko proposatu genien, eta hasieran egundoko higuin aurpegia ipintzen zuten. "Holakorik, gero!", esaten ziguten. Baina behin probatu eta gero, ez zuten besterik gura izaten!", kontatu du Atutxak. Luis Berrizbeitiak ere honako datu hau partekatu du: bikote ingelesak urte askoan bidali izan du postala urtero-urtero Abadiñoko udaletxera, Gabon sasoian.