"Bidegabeki kudeatu du zuzendaritzak dirua"

Anboto 2014ko ots. 20a, 13:01

MZ enpresak kaleratu dituen langileetako bat da Luis Torres. Enpresaren Berrizko lantokian lanean ariatu da 18 urtez, eta 10 urtean izan da Enpresa Komiteko kidea, ELA sindikatuaren ordezkari

 

Martitzenean batzartu zineten ELAko ordezkariak egoera aztertzeko. Zer analisi egiten duzue? 

ELAko delegatuok, bat izan ezik, kalean gaude, baina kaleraturiko langileekin egin gabe ditugu oraindik hainbat tramite. Hemezortzi urtez lankide izan eta gero, ez dugu jendearekin harremana apurtuko. Uste dugu etorkizuna zeukan Mendiguren bezalako enpresa batek horrela amaitzea kudeatzaileen interes pertsonaletan oinarrituriko gestio txarraren errua dela. Enpresaren dirua modu bidegabean erabili dute, eta kudeaketa horren ondorioa 246 langileok pairatu dugu. Geratzen direnek lan baldintza askoz txarragoekin jarraituko dute, eta langabeziara goazenok ere oso zail edukiko dugu lana topatzea.

 

Zein da lan gatazkaren abiapuntua? 

Enpresako zuzendaritzak langileekiko hartu gura zituen erabaki batzuen –besteak beste, soldataren %15eko jaitsiera– aurrean greba hasi genuen, geure eskubideak defendatzeko. Enpresaren estrategia izan da grebaren erdian likidazio plana aurkeztea. Arduradunek geure lepoan utzi gura izan zuten egoeraren ardura. Baina gezurra da %15eko soldata jaitsiera onartu bagenu, ez ginatekeenik egoera honetan egongo.  

 

Aurretik ere hainbat lan erregulazio espediente aurkeztu zituen zuzendaritzak. 

Bai, azkenengo kaleratze espediente hau bederatzigarrena izan da. Horietariko hainbat inpugnatu ditu ELAk.

 

Zuen lantokiko gatazkak ez du oihartzun handirik izan. Zergatik dela uste duzu?

Egia da isilpean igaro dela. Greba egin genuenean izan zuen oihartzun gehien, Mercedes bezalako bezero inportanteei eragiten zielako. Eusko Jaurlaritzak ere esku hartu zuen hor, baina gero, ez garela inoren ardurakoak sentitu dugu. Mercedes inporta izan zaie langileok baino gehiago. Jende gutxik adierazi du interesa, eta prozesua luzea izan da, luzeegia.

 

Langile bezala zer ondorio atera duzu honetatik guztitik? 

Enpresek azpijokoan aritzeko aukera asko dutela, prozedura konkurtsalaren legea hartzekodun handien mesedetan egina dagoela, eta langileak babesgabe gaudela, guztiz. Eta administratzaile konkurtsalek publikoak, funtzionarioak izan behar luketela, prozesu honetan benetan inplikatzeko.

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!