Enpresaren likidazio prozesuagaz batera martxan ipinitako lan-kontratuen amaierarako espedienteak MZ enpresako Durangaldeko langile guztiei eragiten die, eta datozen asteetan gainerako 106 langileen kontratuak ere bertan behera utziko dituzte.
Langileei jakinarazi dietenez, Grupo Cosmos taldeak eskuratu du MZren Abadiñoko lantokia. Arduradun berrien asmoa, Berrizko lantegia itxi eta MZko 73 langileri kontratatu mugagabea egitea omen da. Bestalde, MZtik kaleraturiko langileei begira, lan-poltsa bat sortzeko borondatea ere adierazi omen du Cosmos taldeak. Gipuzkoan, Nafarroan, Madrilen eta Ávilan dauzka dauzka taldeak lantokiak.
MZko langileen ordezkariek kezka adierazi zuten urte amaieran likidazio prozesuan dagoen MZ enpresaren egoera ekonomikoak kaleratzeagatiko zegozkien kalteordainak jasotzea eragotziko ote zuen. Gaur adierazi dutenez, baina, kaleraturiko 146 langileek jaso dituzte legez dagozkien kalteordainak.
Hala ere, langileen ordezkariek azpimarratu dute, ez dela ulergarria "Mercedes bezalako erosle handi bat galdu eta likidazio prozesuan egon arren, 2012an baino irabazi gehiagogaz amaitu izana 2013ko ekitaldia". Langileen ordezkarien ustez, MZ enpresaren zuzendaritza batzordearen azken urteetako "kudeaketa negargarria" erakusten du horrek.
Zerrenda polemikoa
Zeintzuk langile kaleratu eta zeintzuei lanean jarraitzeko eskaintza egin, "arrazoi objetiboekin" erabaki dutela azaldu diete arduradunek langileei. Baina ELA sindikatuak kritikatu du aurkeztu dieten zerrenda horretan ez zaiela "antzinatasunari, adinari, edo gaitasunei" erreferentziarik egiten. Hasiera batean egindako zerrenda aldatu ere egin dutela, eta langileek azalpenak eskatu dituztenean ez dizkietela eman kritikatu dute.
Lan hitzarmenaren gutxiengo baldintzak mantentzea eskatzeko greba hasi zuten MZko langileek iazko ekainean, eta greban zeudela iragarri zieten enpresaren arduradunek enpresaren itxierarako tramiteak abiatu zituztela.