Likidazio planak aurrera darrai Mendiguren y Zarrauan

Anboto 2013ko ira. 22a, 08:30

Konkurtso administratzaileek enpresaren egoera ekonomikoa aztertu dute

Konkurtso administratzaileek enpresaren egoera ekonomikoa aztertu dute.

 

Abadiño eta Berrizko lantokiei eragiten dien likidazio planak aurrera darrai Mendiguren y Zarraua enpresan. Azken asteetan enpresaren egoera aztertu dute konkurtso administratzaileek, eta enpresa erosiko duen jabe berria bilatzeko prozesua hasiko dute orain.

 

Luis Torres ELA sindikatuko ordezkariak azpimarratu duenez, “konkurtso administratzaileek eurek ere esan duten bezala, bideragarria da enpresa hau: Mercedes bezero garrantzitsua galdu arren, beste bezero batzuen eskaria hazi egin da azken hilabeteetan”. Enpresa likidazio prozesu betean egon arren, lanean jarraitzen dute enpresak Abadiñon eta Berrizen dauzkan lantokieetako 241 langileek.

 

Eskariak badituzten arren, ELAko ordezkariaren berbetan, “ziurgabetasun handia” bizi dute langileek: “Orain arte nominak sasoiz jaso ditugu, baina konkurtso administratzaileek ohartarazi dutenez, egoera honetan hiru-lau hilabetez iraun dezakegu, gehienez”. Hitzarmenaren gutxiengo baldintzak mantentzea eskatzeko greba hasi zuten MZko langileek ekainean, eta greban zeudela iragarri zieten enpresaren arduradunek likidaziorako tramiteak abiatu zituztela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!