Gaur goizetik greba mugagabean daude Mendiguren y Zarraua enpresako langileak

Anboto 2013ko mar. 4a, 16:51

Abadiñoko zein Berrizko fabriketan grebak \"erabateko jarraipena\" duela adierazi dute ELA sindikatutik.

Abadiñoko zein Berrizko fabriketan grebak “erabateko jarraipena” duela adierazi dute ELA sindikatutik.


Gaur goizeko 6:00etako erreleboagaz batera greba mugagabea hasi dute Mendiguren y Zarraua enpresako langileek. Enpresak Abadiñon duen plantak 140 bat langile ditu eta “sei-zazpi goi kargudunak kenduta, langile guztiek bat egin dute greba mugagabeagaz”, adierazi du Iñaki Arrieta ELAko metal arloko Durangaldeko arduradunak. Berrizko plantan 90 bat langile daude eta grebak “erabateko jarraipena” du. Langileak enpresa aurrean batzen dira, bakoitzaren lan orduetan, eta erreleboak aprobetxatzen dituzte txandatzeko.  

Langileek bi eskakizun nagusi dituzte: zuzendaritzak soldatak %15 jaisteko erabakia atzera botatzea, eta, Espaniako lan erreformaren aurrean langileen eskubideak eta lan baldintzak blindatuko dituen  hitzarmen kolektiboa negoziatzea. 

Orain arte ez dute enpresako zuzendaritzaren aldetik ezelango jakinarazpenik jaso: “Zuzendaritzak noiz deituko zain gaude”, adierazi du enpresako ateetan dagoen arratsaldeko erreleboko langile batek: “Gaur gu ez bageunde legez pasatu dira, kasurik egin gabe”.

 

Urtarrilean, enpresa honek proposaturiko 227 langilerentzako erregulazio espedientea baliogabetu zuen Bilboko gizarte arloko 10. epaitegiak. ELA sindikatuak auzitegietara eroan zuen espediente hori, eta epaitegiak arrazoia eman zion.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!