Mendiguren y Zarrauako langileek, ostera, greban jarraitzea erabaki dute.
Mendiguren y Zarraua enpresak Abadiñon eta Berrizen dituen fabriketako langileak greba mugagabean daude astelehenetik. Abadiñon, 130etik 97k bozkatu zuten grebaren alde, eta Berrizen, 100etik 81ek. Beraz, gehiengoak hala erabakita, langile denak daude greban. Enpresako zuzendaritzak batzar irekia deitu zuen atzo.
Langileek enpresa kanpoan zeudela eta hara irteteko erantzun zieten, edo komiteko ordezkariekin hartu-emanetan jartzeko. Horren ordez, baina, honako hau jakinarazi die idatziz zuzendaritzak: %10eko soldata jaitsiera (%15ekoa zen orain arteko eskaintza) onartu behar dutela, eta greban dauden bitartean ez dutela negoziaziorik abiatuko. Langileek greban jarraitzea erabaki dute. Iñaki Arrieta metal arloko ELAko arduradunaren esanetan, “enpresak erabakiak unilateralki hartu dituelako hasi dute greba langileek”. Espainiako lan erreformak hori ahalbidetzen die.
Horren aurrean, langileek eskaera nagusi bi dituzte. Bata, soldata jaitsierarik ez aplikatzea. Eta bestea, orain arte izan duten itun kolektiboaren ordez, hitzarmen kolektiboa sinatzea, eta lan erreformaren aurrean, hitzarmen hori puntu batzuekin blindatzea. Puntu horietako batek, esate baterako, soldata jaitsierarik unilateralki ez erabakitzea jasoko luke..