Bertan behera utzi dute greba Mendiguren y Zarraua enpresan

Anboto 2013ko mar. 13a, 12:14

Enpresak eta beharginek akordioa adostu dute. Hainbat enpresa garrantzitsu \"urduritzen\" hasiak zeudela dio LABek, tartean Mercedes. Jaurlaritzak bitartekari egin duela baieztatu du ELAK. Zuzendaritzak langileen eskaerak onartu ditu.

 

Enpresak eta beharginek akordioa adostu dute. Hainbat enpresa garrantzitsu "urduritzen" hasiak zeudela dio LABek, tartean Mercedes. Jaurlaritzak bitartekari egin duela baieztatu du ELAK. Zuzendaritzak langileen eskaerak onartu ditu.

Greba bertan behera uzteko langileek hiru eskaera jarri dituzte mahai gainean: soldatak %15 jaisteko erabakia bertan behera uztea, Espaniako lan erreformaren aurrean langileen eskubideak eta lan baldintzak "blindatuko" dituen hitzarmen kolektiboa negoziatzea eta lanpostuen bermea onartzea.

 

LAB sindikatutik adierazi dutenez, "martxoaren 6ean enpresak, gutun bidez,langile guztiei esan zien greba bertan behera uzten ez bazuten, ez zutela negoziatuko eta astelehen horretan bertan likidazioa eskatu beharko zutela. Langileek gogor eutsi zioten mehatxuari, eta greba mantendu zuten". Martxoaren 11n ez zen likidazio eskaerarik egon eta, enpresako gerenteak dimititu egin zuela gaineratu dute: "Enpresa taldeko arduradun nagusi bi etorri ziren negoziatzera. Hainbat enpresa garrantzitsu urduritzen hasiak zeuden beraiei ere laster eragingo baitzien Mendiguren y Zarrauako grebak, adibidez Mercedes". ELAko ordezkariek azaldu dutenez, "inposaketa eta hordagoetara jokatu du enpresak. Gero, mahaian eseri eta negoziatu egin behar izan dute.

 

Enpresa horiek guztiek, "presio" egin diotela Jaurlaritzari diote. Langileek deia jaso zuten Jaurlaritzak bitartekari egingo zuela esanez eta batzarra egin zuten atzo Bilbon: "Negoziazio gogorra izan zen, eta luze iraun zuen gainera, baina gaueko 22:00etan akordioa lortu genuen enpresa eta langileen ordezkarien artean". Martxoaren 4an hasi zuten greba langileek. ELAk dioenez, grebako komiteko zortzi langilek negoziatu zuten enpresaren zuzendaritzagaz: ELAko bost, LABeko bat eta CC.OOko bi.

 

Enpresak langileen eskaerak onartu ditu eta orain horien garapena negoziatzea dagokiela azaldu dute ELAtik, "batez ere hitzarmen kolektiboarena, baina beti ere, kaleratzerik egongo ez denaren segurtasunarekin eta Espainiako Lan erreforma ez dela aplikatuko jakinda". Atzo gauean bertan, langileak akordioaren berri edukitakoan lanera bueltatu ziren.

 

Aurrekariak

 

LABek dioenez, "urte luzeak daramatzagu enpresaren jarrera salatzen, 2009ko uztailean 48 langile kaleratu zituzten eta jazarpen sindikala ere etengabea izan da, batez ere, LAB eta ELA sindikatuen kontrakoa. Mendiguren y Zarrauako langileak egoera guzti hau jasateaz nazkatuta eta azken erasoaren aurrean enpresari beraien haserrea erakutsi diote".

 

2013ko urtarrilean, Bilboko Lan Arloko 10. epaitegiak bertan behera utzi zuen enpresak 2012ko irailean  aurkeztutako etendura espedientea.  227 langileri eragiten zien espediente horrek. Epaia jakin eta segituan, enpresak 32 langile kaleratzeko mehatxua egin zuela dio LABek. Hala ere, egun batzuk beranduago, eta "Espainiako Lan Erreformaren onurak aprobetxatuta", soldata jaisteko eskaera ofiziala egin zion adminsitrazioari. Egoera honen aurrean, martxoaren 4ean greba mugagabea hasi zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!