Mendi lasterketen Euskal Herriko Kopa atzo amaitu zen, Balmasedako Kolitza lasterketarekin. Sari banaketan eskualdeko hiru korrikalari igo ziren emakumeen podiumera: Garazi Sampedro atxondarra txapeldun moduan, Oihane Unzalu berriztarra bigarren tokian eta Nora Narbaiza zaldibartarra hirugarren. Ez da nolanahiko lorpena. "Brometan komentatu genuen inoiz eskualdeko neskekin talde bat sortuz gero askotan irabaziko genukeela", gogoratu du Sampedrok. Eta ez zaio arrazoirik falta. Mallabitik Zornotzara eta Otxandiotik Garaira, Durangaldeak sekulako korrikalariak ditu emakumeetan. Kopako hirukoari gehitu, besteak beste, Ainara Arkarazo, Itsasne Urkiaga, Leire Uribe, Oihana Azkorbebeitia, Maialen Artiach, Eva Lizarralde eta Larraitz Aragon bezalako korrikalariak eta talde beldurgarria sortuko lukete, dudarik gabe. Gogoratu behar da Arkarazok Euskal Herriko trail kopa irabazi duela aurten eta Larraitz Aragon bigarren izan dela kilometro bertikaletan.
Sampedro garaikurra jasotzera joan zen Balmasedara. Ordurako etxeko lanak eginda zituen eta matematikoki Kopako txapelduna zen. Behetik gorako bidea egin du aurten. Sasoi puntu hartzen joan ahala heldu dira emaitzak. Ekainean Lakuntza-Aralar mendi lasterketa irabazi zuen eta uztailean bigarren geratu zen Bidarraiko Baztandarrak trailean. Harrezkero parte hartu duen lasterketetan aurrean ibili da. Esaterako, Atxondoko Sorginen Lasterketa laugarren amaitu zuen.
2024an Kopan hirugarren geratuta, aurten "irabazteko aukerak" ikusten zituen. "Neure buruan sinesten nuen", dio. "Iazko kontrakoa gertatu zait aurten. Iaz maila eman behar nuen lasterketetan ez nuen eman, baina aurten, bai, lasterketa garrantzitsuenetan neure maila eman dut", baloratu du.
Horrela, korrikalari atxondarrak bere palmaresa loditzen jarraitzen du. Iaz Euskadiko Trail txapelketa eta Euskadiko Kros Liga irabazi zituen, besteak beste.
Euskal Herriko Koparen barruan gizonetan ere badago zer nabarmendua. Indarpak taldeko Ander Jauregik lan bikaina egin du bigarren amaituta. Master B-C kategorian, berriz, Alpino Tabira mendi taldeko David Roman txapeldun geratu da.

Larraitz Aragon eskuman, kilometro bertikalen podiumean.