"Mendiak jolasa izaten jarraitzen du. Gozatzea dut helburu"

Joseba Derteano 2025ko uzt. 4a, 13:00

Ultren kopa amaitzeko lasterketa bat falta da, irailean Tolosaldean lehiatuko dena, baina dagoeneko txapelak badu jabea: Gaikar taldeko Ainara Arkarazo. Ezustean heldu den garaipena dela dio.

Espero zenuen txapelketa halako nagusitasunarekin irabaztea?
Egia esanda, ez. Urte hasieran esan balidate irabazi egingo nuela, ez nuen sinistuko. Hasieran, Nafarroa Xtremen eta Euskal Herria Mendi Erronkan bakarrik parte hartzeko asmoa nuen. Gerora begiratu nuen Koparen aukera. Beste bat eginda, Koparako puntuatu nezakeen, eta probatzea erabaki nuen. Beraz, Enkarterri Xtremera ere joan nintzen. Egutegiko aurreneko proba zen. Lehenengoz bakarrik parte hartu nuen, eta oso ondo joan zen. Gorputzak eta buruak oso ondo erantzun zidaten.

Lehenengoz bakarrik?
Ordura arte distantzia luzeetara beti joan naiz Maitane lehengusinarekin. Aldea dago norbaitekin edo bakarrik aritu. Horregatik, orduak sartu ditut entrenatzen eta serioago hartu dut.

Beste bi probak zelan joan ziren?
Nafarroa Xtremen oso eguraldi txarra egin zigun: txingorra, haizea, euria, hotza… Asko sufritu arren, mentalki gogor eustea lortu nuen. Euskal Herria Mendi Erronkara nekatuta heldu nintzen, eta sentsazio eskasei aurre egin behar izan nien.

Euskadiko selekzioarekin aritu zara: Espainiako lineako txapelketan (35 km) Galizian eta 70 kilometroko Ultra bat Jaenen. Zelan joan ziren?
Oso ondo joan ziren. Jaenen bero itzela egin zuen, eta batez ere azken kilometroetan, sufritu egin nuen deshidratazioagatik. Baina, bestelakoan, pozik nago lasterketa bietako errendimenduarekin.

Durangaldeko Kopa martxan dago. Parte hartzeko asmoa duzu?
Aurten ez, baina etorkizunean Kopan parte hartzea gustatuko litzaidake. Mallabiko 7 Pago lasterketa egin behar nuen, baina selekziotik deitu zidaten. Iaz egin nuen Mallabikoa, eta baita Mañaritik Atxetara lasterketa luzea ere. Egia da Koparako puntuagarria dena laburra dela. Sorginen Lasterketa urtero egiten dut. Aurten ere lasterketa batzuetan parte hartzeko asmoa dut.

Zer iruditzen zaizu egitasmoa bera?
Oso ondo dago gure inguruak ezagutara emateko. Esaterako, ni beti noa alde berdinera: Atxarte, Arrazola, Mañaria… Baina, beste aldea ez dut ezagutzen eta bertan dugu. Toki ederrak eta diferenteak ditugu gure inguruan. Gainera, Kopak korrikalariak parte hartzera motibatzeko balio du. 

Mendi lasterketak aspalditik egiten dituzu?
Orain lau-bost urte egin nuen lehenengoa: Sorginen Lasterketa. Baina, aurretik mendian askotan ibiltzen nintzen. Maitanek animatuta, mendi martxak egiten hasi ginen. Pirinioetara ere joaten ginen. Inoiz Atxartetik Gorbearako joan-etorria egindakoak gara. Hurrengo pausoa mendi lasterketak izan ziren, Sorginen Lasterketekin hasita eta gero ultrak etorri dira. 

Mendia aisialdirako ekintza bat baino gehiago bihurtu da?
Aldaketa bat eragin dit, bai, baina niretzat jolasa izaten jarraitzen du, eta hortik ez da irtengo. Helburuetan arreta jarrita, baina zoratu barik. Ez nau mugatzen. Egun batean Gazteluko itzulia egiteko gogoa badut, horixe egingo dut, eta berdin mendira joan nahi badut. Nire helburu nagusia gozatzea da.

Aurrera begira zer asmo duzu?
Eskualdeko lasterketez gainera, abuztuan Pirinioetan lasterketa bi egiteko asmoa dut. Batetik, Montlude, iaz amaitu ezin izan nuena. Bestetik, Valle de Tena. Hiru korrikalariren artean erreleboka egingo dugu. Hiru Handiak ere egin gura ditut.

Eta, begirada aurrerago jarrita, urte batzuen barruan, zer proba egitea amesten duzu?
La Travesera egin nahi nuke, Europako mendietan. Urtebete hartu eta proba oso teknikoak egin nahi nituzke, eta azkena La Travesera izatea, teknikoena. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!