Sasoirik onenean amaitu zaizu denboraldia?
Ezetz esango nuke. Oraintsu lanean hasi naiz eta beherakada txiki bat igarri dut. Hala ere, Kopatik aparte, gure inguruko lasterketak egiteko gogoz nengoen. Beti esan didate Sorginen Lasterketa oso polita dela, Zaldua Trail lasterketa berria da eta, gainera, lankide bat antolakuntzan dagoenez… (barrez). Aramotzen ibilbide laburra egindakoa naiz, baina luzea ez, eta probatu gura nuen.
Sorginen Lasterketan lehenengoz aritu zinen. Zer iruditu zitzaizun?
Oso polita. Ez da niri ondoen egokitzen zaidan lasterketa, oso teknikoa delako, eta jaitsiera teknikoak ez dira nire indargunea.
Baina, hala ere, hirugarren amaitu zenuen.
Etxe inguruan izan da eta horrek motibazio puntu bat ematen du. Artolarako bidean jende asko zegoen eta oilo larrua egin zitzaidan. Entzunda neukan, baina bertan egon arte… ez nuen espero. Gainera, jendeak nire izena esanda animatzen ninduen. Ez zidan astirik ematen albora begiratzeko, baina ona naiz ahotsak bereizten, eta handik segundo batzuetara jabetzen nintzen. Bai, benetan jende asko egon zen eta horrek asko motibatzen du korrikalaria.
Zaldua Trail lasterketa berria da. Zer iruditu zitzaizun?
Oso ibilbide bizkorra iruditu zitzaidan. Benetan korrika egiten abila denarentzat egokia. Teknikoa baino gehiago, fisikoa da. Baina polita da eta gustatu zitzaidan. Ibilbidean gerizpe gune asko dago eta gerizpe hori ondo eskertu nuen, bero handia egin zuen eta.
Euskal Herriko Mendi Lasterketen Kopa izan duzu aurtengo helburu nagusia?
Bai. Lehenengoz parte hartu dut. Iaz egin gura nuen, baina haurdun geratu nintzen eta plana bere horretan geratu zen. Aurten kopako proba guztiak egitea nuen helburu, ahal izanez gero behintzat. Beharbada, haurdunaldiaren ondoren, lasterketak amaitzen nindoan neurrian, orain nagoen sasoi fisikora bueltatzeko aitzakia lez hartu dut Kopa. Oso pozik nago egindako lanagaz. Lehenengo lasterketatik azkenekora garapen handia ikusi dut nigan.
Oihana Zubillagagaz lehia estua izan duzu: 444 puntu berak eta 409 zuk. 35 puntuko aldea besterik ez bien artean.
Puntuetan gertu egon gara, baina Oihana puntu bat baino gehiago dago nire gainetik. Hainbat bider egon da selekzioagaz eta gaitasun handia du. Ezin izan du Kopako lasterketa batzuetan aritu, selekzioagaz zebilelako. Kopa merezimendu osoz irabazi du. Nire dohainik onena erregulartasuna izan da.
Amaitu duzu denboraldia?
Mendikoa bai. Txipa aldatu eta apur bat asfaltoko lasterketetan ibiliko naiz berriro, aspaldiko partez. Azaroaren 14an Behobia-Donostia proba egingo dut.
Asfaltotik egin zenuen salto mendira?
Umetan krosean ibili nintzen. Gero, parentesi baten ondoren, asfaltoan hasi nintzen. 2018 inguruan hasi nintzen mendian korrika. Orain mendian aritzen naiz batez ere.
Lehen, mendizaleak baino ez ziren ibiltzen mendi lasterketetan. Urte batzuetatik hona, asfaltoan arituriko asko hasi dira mendian korrika.
Bai, egia da, eta asfaltotik mendira salto egin dutenek abiadura puntu bat eman diete mendi lasterketei. Hau da, orain oso arinak eta ez hain teknikoak diren mendi lasterketa berriak daude, eta, beharbada, horixe da arrazoia: korrikalari askok asfaltoa mendiagaitik aldatu izana.
Urtebeteko umea duzu. Horrek zelan aldatu dizu entrenamenduak egiteko modua?
Guztiz aldatu dit. Haurdunaldiaren ondoren, beste ezeren aurretik, gorputza berregokitzeko oinarrizko lanketa bat egin behar izan nuen, eta horren ondoren bueltatu nintzen entrenamenduetara. Haurdunaldiaren aurretik, zelanbait esanda, gura nuena egiten nuen: mendira joan, bizikletan ibili… Handik ordu bira edo hirura bueltatu arren, berdin zidan. Orain zorrotzagoa izan behar dut dudan denboragaz. Lehen kirola egiten nuen eta orain entrenatu egiten naiz: helburuak lortzeko komenigarriena dena egiten ahalegintzen naiz. Denbora ahalik eta ondoen aprobetxatu behar dut, aitzakiarik barik. Diziplina horrek plus bat eman didala uste dut.
Zer asmo duzu datorren denboraldiari begira?
Maratoi bat egin gura nuen, baina dagoeneko egin dut bat aurten, udan, nahiz eta ez zen helburua. Portugalen egiteko aukera sortu zitzaidan, eta gustura ibili nintzen. Datorren denboraldian Kopa egin gura dut berriro, eta beste maratoiren bat: Marimurumendi beharbada, edo Hiru Txikiak…
Zein taldetan zabiltza?
Gasteizko Gaikar Zortzietakoak taldean nabil. Aramotz lasterketa laburra irabazi nuenean taldera batzea proposatu zidaten. Durangaldeko korrikalari gehiago ere badago taldean. Ibai Cebrian durangarra eta Victor Bernedo elorriarra, esaterako.