Azkorbebeitiak txapela, Arkarazok kopa

Anboto 2025ko eka. 7a, 19:24

Ainara Arkarazo eta Oihana Azkorbebeitia, helmugaratu eta gero

Abadiñoko neskak berriro ere nagusi ultratrailean. Oraingoan, Euskal Herria Mendi Erronka lasterketan, Leitzan.

Leitzako herrian (Nafarroa), Euskal Herriko ultren koparako puntuagarria den hirugarren mendi lasterketa jokatu da gaur: Euskal Herriko Mendi Erronka. Aurtengoa XI. edizioa izan da, eta, urtero legez, antolatzaileek 67 kilometro eta 7.200 metroko desnibel metatua dituen lasterketa prestatu dute. 

700 bat korrikalarik parte hartu dute, eta, beste behin ere, arnasa luzeko probetan berezkoa dutela erakutsi dute neska korrikalari abadiñarrek. Oihana Azkorbebeitia izan da garailea emakumeetan (8.05.28). Probaren erdi aldera arte lehia estua izan du Itxaso Zabaleta leitzarragaz (8.14.29), baina azken txanpa luzean Zabaletak ezin izan dio eutsi abadiñarraren erritmoari. Uxue Fraile korrikalari beterano donostiarrak osatu du podiuma (8.23.48), eta Ainara Arkarazo abadiñarra sailkatu da hurrengo, laugarren postuan, (8.40.06). Proba barruan lehiatu den kilometro bertikalean ere nagusitu da Azkorbebeitia. Asier Rajado arineketalari andoaindarrak irabazi du mutiletan (6.52.05).

Arkarazo txapeldun Euskal Herriko ultren kopan.
Euskal Herriko ultren kopa amaitzeko proba bat falta den arren (Tolosaldea Ultratrail Erronka), gaur Leitzako ultratrailean baturiko puntuei eskerrak Ainara Arkarazo korrikalari abadiñarra da aurtengo Euskal Herriko ultren kopako txapelduna, 320 puntugaz.

Arkarazok denboraldi bikaina osatu du orain arte, Enkarterri Extreme ultratraila (60 km) eta Europako Mendietako Desafío Cainejín (19,5 km) mendi lasterketak irabazita. Nafarroa Extreme eta Euskal Herriko Mendi Erronka probetan egindako lanari eskerrak, ondo merezita jantzi du kopako txapela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!