Garazi Sampedrok Euskadiko Kros Liga sortu berria irabazi du

Anboto 2024ko urt. 18a, 11:16
Euskadiko Kros Ligako hiru emakume onenen podiuma. Garazi Sampedro erdian, Arrate Mintegi ezkerrean eta Paula Etxarri eskuman.

Parte hartu duen zazpi probatik seitan podiumera igo da.

Euskadiko kros federazioek eta kros proben antolatzaileek txapelketa berri bat abiatu zuten iaz, azken urteetan krosak jasan duen beherakadari buelta eman guran. Euskadiko Kros Liga du izena. Bada, emakumeetan Garazi Sampedro atxondarra izan zen irabazlea.

Ligako bederatzi probetako zazpitan parte hartu zuen Sampedrok eta seitan podiuma zapaldu zuen. Getxoko, Barakaldoko eta Eibarko probak irabazi zituen senior mailan; Amurrion eta Irunen bigarren izan zen eta Zornotzan hirugarren. "2015ean hasi nintzen krosak lehiatzen. Urterik urtera aurrerapausoak eman ditudala ikusten dut eta oso pozik nago liga irabazi izanaz", adierazi du Durango Kirol Taldeko (DKT) korrikalariak.

Lorpen horri esker, federazioen arteko Espainiako kros txapelketan parte hartuko du Euskadiko selekzioagaz. Txapelketa hori urtarrilaren 28an izango da. Gurutze Frades eta Oihane Irusta ere hautatuen artean daude.

Ligak ez du atsedenik hartzen eta 2024ko ekitaldia abian da dagoeneko. Kros bi joan direnean, Oihane Irusta lider dago emakumeen sailkapenean eta Garazi Sampedro bigarrena da.

Ligan, eskualdekoen emaitzak

Eskualdeko taldeetan dabiltzan korrikalari gehiago ere txapeldun geratu ziren iaz, mailaz maila: Bidezabaleko Oihane Irusta 23 urtez azpikoan; DKTko Izaro Aranburu aulestiarra 20 urtez azpikoan; Bidezabaleko Iker Fidalgo 18 urtez azpikoan; Bidezabaleko Laia Cariñanos 16 urtez azpikoan; DKTko Alberto Arroyo Master 50ean; DKTko Nuria Etxegarai Master 45ean eta DKTko Eneritz Alkorta Master 35ean.

Sailkapen guztiak LOTURA HONETAN ikusi daitezke.

Garazi Sampedro Eibarko krosean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!