Asturiasko Cangas de Onís herrian Kangas Mountain mendi lasterketaren X. edizioa jokatu da gaur, eta bertako probarik luzeenean, Kangas Mountain Maxi Trail ultra trailean (58 km eta 7.500 metroko desnibel metatua), Durangaldeko korrikalariak nagusitu dira nesken proban. Euskalmushing taldeko Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarrak irabazi du lasterketa (6.57.32), aurten hirugarren urtez jarraian, eta Soronea Ammma taldeko Larraitz Aragon arineketalari durangarra sailkatu da bigarren (7.09.00). Aida Campos asturiarrak osatu du podiuma (7.34.46).
Irteera orduan (07:00) ateri izan bada ere, korrikalariek euripean egin dute ia lasterketa osoa, hotz handiagaz. Edurra ere egin die, eta hainbat korrikalarik bertan behera utzi behar izan dute proba, hipotermiak jota. "Nire aurretik zihoazen hamar bat korrikalari bueltan ikusi ditut, oinez, eta zeozer arraroa gertatu dela pentsatu dut", adierazu du Azkorbebeitiak. "Asko erretiratu dira eta pena da, mendiari loturiko egun ederra izaten da-eta Cangasen antolatzen dutena", gaineratu du abadiñarrak.
Larraitz Aragon durangarrak ere antzeratsu berba egin du lasterketako gogortasunari buruz: "Ibilbidearen gogortasuna gutxi ez, eta gaurko eguraldi makurra gehitu behar. Miseria gorria pasatu dugu eta gutxitan sufritu dut hainbeste eguraldi txarragaitik; baina, tira, neure burua gogor ikusi dut eta pozik nago lortu dudan bigarren postuagaz.
Durangaldeko korrikalari gehiagok ere parte hartu dute, 2022an beteranoen podiuma zapaldu zuen Ibon Pujana durangarrak, adibidez, eta berak ere hotz handia pasatu dutela nabarmendu du helmugaratu denean: "Eskuak gogor-gogor nituen eta ez nituen sentitu ere egiten. Edari-flaska zabaltzeko ere komeriak! Normala hainbeste jende erretiratzea!".
Ultra trailaz gainera, beste hiru lasterketa ere jokatu dira Cangas de Onísen: Original Trail (33 km), Half Trail (21 km) eta Speed Trail (12 km).