"Kopak korrikalari asko erakarri du"

Joseba Derteano 2025ko urr. 31a, 09:23

Irazu Aranburu eta Itsasne Urkiaga txapela jantzita, Elorrioko Aldapegora lasterketan.

Itsasne Urkiaga Mugarra (Zornotza, 1995) eta Irazu Aranburu Antxia (Mallabia, 2001). Hauexek dira Durangaldeko Koparen lehenengo aldiko txapeldunak. Kopako bina lasterketa irabazi dituzte; Aranburuk hasierako biak, 7 Pago eta Amaraune, eta Urkiagak azkenengo biak, Aramotz eta Aldapegora. 

Kopa egitea denboraldi hasierako helburu legez zeneukaten?
Irazu Aranburu: Nire kasuan, bai eta ez. Kontua da nik urtero egiten ditudan probak Kopa barruan daudela. Neurri batean, Kopan aritzea nire egutegiaren ondorioa da. Baina, era berean, Kopako sailkapen nagusia ere izan dut buruan, bai. 
Itsasne Urkiaga: Niri beste hainbeste gertatu zait. Beti parte hartu izan dut Kopako lasterketarik gehienetan. Amaraune eta Aldapegora salbuespenak dira eta Kopagaitik parte hartu nuen horietan. 

Kopa joan zen asteburuan amaitu zen, Aldapegoragaz. Zuk, Irazu, matematikoki irabazita zeneukan eta sariaren bila baino ez zinen joan Elorriora. 
I.A.: Horixe esaten nien, brometan, han zebiltzanei. Giroan egon, apur bat jan, eta karrerarik egin barik txapela etxera! Baina, tira, hori horrela izan zedin aurretik izerdi apur bat bota behar izan dut beste lasterketa batzuetan.

Esaterako, lehenengo bietan, Mallabiko 7 Pagon eta Berrizko Amaraunen. Biak irabazi zenituen. 
I.A.: Denboraldi hasieran oso indartsu nengoen, inoiz baino indartsuago, baina karreretan gauzak ez zitzaizkidan irteten gura nuen moduan, harik eta 7 Pago eta Amaraune irabazi nituen arte. Gero, dena esanda, hasierako lasterketetan amaierakoetan baino maila baxuagoa izan zela uste dut.

Itsasne, zuk ez zenuen Irazuren zortea izan eta Elorrion txapela izan zenuen jokoan. Emakumeetan sekulako lehia izan duzue azken unera arte.
I.U.: Leire Uribe, Nora Narbaiza, Lola Oyarzabal, Zutoia Odriozola eta bostok azken unera arte ibili gara borrokan. Horregaitik parte hartu nuen Elorrion. Ibilbideak ere motibatzen ninduen, Udalatx igotzen da eta. Sorpresa izan zen irabaztea.

Ez zenuen irabaztea itxaroten?
I.U.: Ez. Nora Narbaiza ere bazegoen Elorrion, eta urte hasieran nire aurretik sailkatzen zen beti. Ez nintzen Elorriora joatekoa, baina lagun batek ahalegina egitera animatu ninduen eta parte hartzea erabaki nuen. Oso ondo sentitu nintzen. 

Kopako azken txanpan bereziki indartsu aritu zara Aramotz eta Aldapegora irabazita.
I.U.: Urteko helburua Gorbeia Suzien izan da. Aurten lasterketa luzean parte hartu dut eta horixe prestatzen ibili naiz udan. Banekien Gorbeia Suzien proba nekagarria zela eta ondo errekuperatzea gatx zela Kopako azken txanpara begira, baina gorputzak espero baino hobeto erantzun dit.

Uribe, Narbaiza… zure aurkari nagusiak izan direnak aurretik ezagutzen zenituen?
I.U.: Nora Narbaiza eta Zutoia Odriozola aspalditik ezagutzen ditut. Leire Uribe iaz ezagutu nuen. Gogoan dut gerora, Bediako Kolazino lasterketan Uribe eta biok batera heldu ginela helmugara. Euskal Herriko Kopako lasterketa bat zen eta sekulako maila zegoen. Oso lasterketa ona egin genuen, espero barik, eta oso pozik egon ginen.

Irazu, zure aurkari nagusia Ander Jauregi izan da.
I.A.: Bai. Aurten arte ez nuen ezagutzen. Lehenengo lasterketan ezagutu nuen, 7 Pagon. Hirugarren egin zuela uste dut. Gerora, hainbat lasterketatan orporik orpo ibili gara, beti antzerako denborak egiten. Sorginen Lasterketan justu nire ostean sartu zen, laugarren. Borroka polita mantendu dugu. 

Sorginen Lasterketan lehenengo igaro zinen Anboto gainetik. Garaipena ez zen hain urruti egon. 
I.A.: Anboto lehenengo igaro nuen, bai, minutu biko aldeagaz, baina aldats behera Mikel Zabalegik eta Imanol Goñik aurreratu egin ninduten. Hala ere, oso pozik nago hirugarren postuagaz. Iazko denbora hobetu egin nuen, gainera. Iaz eta orain urte bi ez nintzen pozik geratu nire errendimenduagaz. Neure buruagaz piketxo horregaz parte hartu dut aurten, hobeto egin guran, eta, zorionez, ondo irten zitzaidan. 

Biek etxeko lasterketak irabazi dituzue, Mallabikoa eta Zornotzakoa. Zelan gogoratzen duzue? 
I.A.: Etxeko lasterketa irabaztea berezia da beti. Gainera, aurten iazko denbora hobetu gura nuen eta 30-40 segundogaitik lortu nuen. Kontua estu zegoen eta topera joan nintzen helmugaraino.
I.U.: Niretzat aurtengoa bereziena izan da. Lasterketan ikusten nuen irabazi nezakeela, eta helmugara heltzen nenbilela "Ostras, irabazi egin behar dut", jabetu nintzen. Senitartekoak, lagunak… ikusten nituen eta ezin dut berbekin deskribatu sentitu nuena. Neure buruari esan nion ez nuela negarrik egingo, baina helmugara sartu nintzenean ezin izan nion emozioari eutsi. 

Kopa barrutik bizi izan duzue. Zeresana eman du? 
I.A.: Asko gustatzen zaidan ekimena da. Esango nuke batez ere karrera txikiei egin diela mesederik handiena. Kopak korrikalari gehiago erakarri ditu horrelako lasterketetara. 
I.U.: Lasterketetan jende gehiago ikusi dut. Normalean lasterketa laburretan jende gehiago aritzen da, baina Koparen eraginez distantzia luzeak egitera korrikalari gehiago animatu dela uste dut. Kanpoko jendea ere etorri da. Esaterako, Lola Oyarzabal gasteiztarra da, taldekidea dut Gaikarren, eta Kopa egin du. Korrikalari asko erakarri du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!