Salaketen gainetik, aurrera doa Gerediaga-Elorrio autobidea

Anboto 2014ko mar. 15a, 09:00

Gaztelua auzoaren inguruan tunela zabaltzen hasi ziren, joan zen astean.
Gerediaga-Elorrio autobideko obra %42 garestitu dela kritikatu du EH Bilduk

 

Azken hilabeteetan kritikak eta salaketak jaso arren, Gerediaga-Elorrio autobideko obrak aurrera doaz. 2012. urtearen amaieran ekin zioten lurra mugitzeari, eta obren inguruko azkeneko albistea joan zen astean zabaldu zuten: Gazteluan lehenengo tunela zabaltzeko lanak hasi dituzte, 1.141 metro izango ditu. Auzo horretan 594 metroko beste tunel bat ere zulatuko dute, eta bien arteko lotura lez tunel faltsu bat egingo dute. Obrak hasi zirenetik, batez ere lotuneetan ibili dira lurra mugitzen, eta zubi bi eraiki dituzte dagoeneko.

Aurrekontuak gora egin du?

Egitasmorako 225 milioi euroko aurrekontua zehaztu zuen Aldundiak, eta EH Bilduk kritikatu du 93 milioitan handitu dela kopuru hori. Beraz, azpiegitura %42 garestitu dela dio koalizioak. Horretarako arrazoiak zeintzuk diren galdetu dio Itziar Garamendi Herri Lanetako diputatuari, baina ez ei du erantzunik jaso. EH Bilduren ustez, beharrezkoa da argitzea, Europako Batasunak kontratu publikoen garestitzeaz ohartarazi duelako berriki: "Txosten baten arabera, halako jokaerak ustelkeria ahalbidetzeko erabiltzen dira sarritan". 

Horretaz gainera, EH Bilduk dio autobidea finantzatzeko itzalpeko bidesariaren metodoa erabiliko dela. Sistema horregaz, enpresek bere gain hartzen dute obra, eta administrazioak geroago bueltatzen dio eraikuntza eta mantentze-lanengatik sortutako zorra. Horrek egitasmoa askoz gehiago garestituko lukeela esan du koalizioak. Salaketa horiez galdetuta, Herri Lanetako komunikazio kabineteak guztiak gezurtatu ditu. Kabinetearen arabera, EH Bilduk obra kontratua ez du "begiratu ere egin", eta polemikan gainerako alderdien babesik barik geratu da. 

Obretan ere polemika

EH Bilduk lehenago ere egin izan du berba obraren inguruan. Azaroan prentsaurrekoa eman zuen Atxondoko Udalean, irregulartasunak salatzeko. Obrak "beharrezko neurri eta kontrolak hartu barik" hasi zirela esan zuen koalizioak. Desjabetutako eremuetatik kanpo babestutako arbola batzuk moztu zituztela esan zuen; ganaduarentzako iturburua moztu zutela eta ur zikinak iragazteko sistemarik ez zutela ipini ere bai.

Bestalde, Abadiñon, Arteagazar baserriaren alboan legez kanpoko hormigoi fabrika bat zabaldu zela jakinarazi zuten koaliziokoek urtarrilean. Proiektuan ez dela agertzen, eta zerikusi zuzenik eduki ezean, udal baimena behar duela esan zuten. Fabrika horretako aktibitatea geratu, eta espedientea zabaltzea eskatu zioten gobernu taldeari. Jose Luis Navarro alkatearen esanetan, EH Bilduren salaketaren ostean, udaleko aholkulariak azterketa bat egiten dabiltza, eta emaitzak eduki arte ez du erabakirik hartuko.

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!