Abadiñoko hormigoi plantaren auzian, Aldundiaren "kontrol falta" salatu du EH Bilduk

Anboto 2014ko api. 7a, 09:55

Koalizioak nabarmendu du Gerediaga-Elorrio errepideko eraikitze proiektuan ez dela porlan planta ageri. Hormigoi plantak lizentziarik ez duela eta "kontrol zorrotzagoa" behar dela nabarmendu dute, "diru publikoz ordaintzen diren hainbat milioitako kontratuak esleitzen dituztenen partetik".

 

Aitor Torre EH Bilduko batzarkideak egin ditu adierazpenak. Gerediaga-Elorrio errepideko lanetarako eraiki duten hormigoi plantaren jarduera baimendu izana leporatu dio Aldundiari: "porlan plantak baimenik ez duela behar argudiatzeak ez dauka zentzurik, ezin baita lanen elementu lagungarritzat hartu". Antzerako kasuengatik, Beasainen eta Zornotzan eraikitako porlan planta biren kontrako epaiak aipatu ditu.

Torrek nabarmendu du Abadiñoko Udalak jarduera baimena eskatu diela enpresa eraikitzaileei, baina ez duela ekoizpena geldiarazteko erabakia hartu: "Porlan planta bat eraiki daiteke inolako baimenik gabe, eta hemen ez da ezer gertatzen. Aldundia, berriz ere, ezikusiarena egiten ari da".

Abadiñokoaz gainera, Autzaganeko obretan izandako isuriak eta San Mames zelaiko lan baldintzak aipatu ditu EH Bilduko batzarkideak. Bere berbetan, "enpresa eraikitzaileekiko kontrol falta agerian uzten duten kasuak pilatu zaizkio Aldundiari.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!