Aktibitate lizentzia eskatuko dio Udalak hormigoi plantari, baina obra geldiarazi barik

Anboto 2014ko mar. 26a, 10:22

Gerediaga-Elorrio autobideko lanetarako eraiki duten hormigoi plantak udal baimenik barik diharduela salatu zuen Abadiñoko Bilduk, urtarrilean. Gaia aztertzeko txosten juridikoa egiteko agindua eman zuen horren ondorioz alkatetzak. Atzoko udalbatzarrean aurkezturiko alkatetza dekretuaren arabera, Udalak falta duen "aktibitate lizentzia eskatuko die plantaren arduradunei, baina egoera zuzendu dezaketelakoan, ez dugu uste obra geldiarazteko beharrik dagoenik", esan zuen Jose Luis Navarro alkateak.

 

Abadiñoko Udaleko atzoko osoko bilkuran aurkezturiko alkatetza dekretuetako bat izan zen Gerediaga-Elorrio autobideko lanetako hormigoi plantari erreferentzia egiten diona. Dekretu horretan zetorrena azaltzeko eskatu zion Saioa Zuazubizkar Bilduko zinegotziak alkateari. "Zer neurri hartuko ditu udalak?", galdetu zion.

Osoko bilkura hasi orduko Batzordean hitz egin berri zutelako, berriro eztabaida horretan sartzeko asmorik ez zeukala adierazi zuen Jose Luis Navarro alkateak. "Baina sen onak diosta hau bezalako obra bat geldiaraztea ez litzatekeela aukera egokia", azpimarratu zuen.

Bilduko zinegotziaren berbetan, "salaketa egin genuen, eta agerian geratu da arrazoi genuela: hormigoi planta horren jarduna legez kanpokoa zela. Edozelan ere, gure zalantza da, hau bezalako irregulartasunak oposizioak salatu behar izateko, nora begira egon den alkatetza". Hormigoi plantaren kontrako zigor espedientea ahalik eta lasterren abiatzea eskatu du Bilduk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!