Bildu: "Legez kanpoko hormigoi planta baimentzen du Abadiñoko Udalak"

Anboto 2014ko urt. 31a, 15:08

Gerediaga-Elorrio autobideko lanetan eraiki duten hormigoi plantak udal baimenik barik diharduela salatu dute Abadiñoko Bilduko zinegotziek.

 

Bizkaiko Aldundia garatzen dabilen Gerediaga-Beasain autobidearen Durangaldeko tartean, Abadiño eta Atxondo arteko mugan, zabaldu dute hormigoi planta hori.

Gerediaga-Beasain autobidea bezalako "interes orokorreko azpiegiturek udal baimenik behar ez duten arren", epaileek hainbat aldiz adierazi dutela obra nagusiarekin "zerikusi zuzenik ez daukaten aktibitateek beste edozein lantegiren betebeharrak" dituela, azpimarratu du Abadiñoko Bilduk, gaur, Errota kultur etxean eskaini duen prentsaurrekoan.

Bilduren ustez, Arteagazar baserriaren aldamenean zabaldu duten hormigoi planta horrek Abadiñoko Udalaren eraikitze, aktibitate eta irekiera baimenak behar ditu. Bilduko zinegotziek gaurko agerraldian gaineratu dutenez, hormigoi planta honen eraikuntza ez da proiektuan agertzen.

Ibai Urrutia eta Irakusne Gorospe Bilduko zinegotziek, "legez kanpoko eraikuntza eta aktibitate horiek berehala geldiarazi eta zigor-espedienteak zabaltzea", eskatu diote Abadiñoko Udalari eta Jose Luis Navarro alkateari. "Herriko beste edozein enpresari bezala, hormigoi planta honi ere ingurumen arloko legedia, zerga betebeharrak, eta hirigintza-arauak betearaztea eskatzen diogu Udalari, bitartean aktibitate eta obrak geldiaraziz", adierazi du Gorospek.

hormigoi-planta-abadiño

Joan zen martitzeneko osoko bilkuran ere, eskaria luzatu zion Saioa Zuazubizkar Bilduko zinegotziak Jose Luis Navarro alkateari, "udaleko teknikariek jarraipena egin diezaioten obra horri". Koalizioko zinegotziek gaurko agerraldian azaldu dutenez, Udaleko Hirigintza batzordean ere mahaigaineratu izan dute gai hau, "gaur arte, ganorazko erantzunik jaso barik". Bilduren ustez, "Udalak gai larri honekiko adierazi duen ardura eskasaren erakusle" da gobernu taldearen jarrera hori.

Autobidea eraikitzeko Gerediaga-Elorrio tarteko lanok Bizkaiko Aldundiaren ardurapekoak direnez, Urrutia eta Gorospek gaineratu dute, Bizkaiko Batzar nagusietan ere gai honen inguruko azalpenak eskatuko dituela euren taldeak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!