Gerediaga-Elorrio errepide erradiala udan hasiko dira eraikitzen

Anboto 2012ko urt. 18a, 13:27

José Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiak iragarri du udan hiru errepide berritako lanei ekingo dietela, tartean, Gerediaga-Elorrio errepide erradiala.

José Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiak iragarri du udan hiru errepide berritako lanei ekingo dietela, tartean, Gerediaga-Elorrio errepide erradiala.

 

Gerediaga-Elorrio errepidea administrazio emakidaren bidez egingo dutela azaldu du ahaldun nagusiak. Errepidea eraikitzeko 237 milioi euro inguruko inbertsioa egingo dute, proiektuak, zerbitzuak lehengoratzea eta desjabetzeak barne. Obrak burutzeko epea 45 hilabetekoa izango dela aurreratu du Aldundiak. Izan ere, Gerediaga auzoa komunikazio arloan klabea izango da laister.  A-8 autobiderako lotura berria hilabete barru zabaldu gura dute eta hirugarren erreia ere laister izango dute prest. Gerediaga-Elorrio errepide erradiala eskualdean sarri eskatutako bidea izan da Abadiñoko Zelaieta auzoan sortzen diren auto ilarak ikusita. Lea Artibai eta Debagoienatik datozen ibilgailuek eskualde osoa zeharkatu beharrean Gerediagatik A-8rako lotura izango dute.

 

Ibilbidea

Gaztelua auzoan hiru tunel eraikitzea aurreikusi dute. Lehenengoak 594 metro izango ditu, bigarrenak 1.140 metro eta tunel artifizialak 216 metro. Muntsaratz auzoagaz lotura izango du eta handik Elorriora bidean 95 metroko tunel artifiziala eraikiko dute Atxondon.

 

Helburua

Lanon helburua Bizkaiko herri-lanetako eraikuntza-sektoreko eta horrekin lotutako sektoreetako enpresen jarduera bultzatzea dela nabarmendu du ahaldun nagusiak gaur goizean emandako prentsaurrekoan. "Lanpostuak sortzea eta gaur egungo lanpostuen egonkortasun-galera geldiaraztea" gura dutela adierazi du.

 

Durangaldean kalitatezko azpiegiturak sortzea da beste helburua. Bide berri honekin herritarrak lanera joateko erraztasunak ematea gura dute. Bide segurtasuna hobetzeaz gainera, bidaietan egiten den denbora aurreztea ere bai.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!