Errepide berriko lanek Markoidako zubian eta argiterian kalteak eragin dituztela salatu du udalak

Anboto 2014ko mar. 22a, 09:00

Gerediaga-Beasain errepidea egiteko obretan kale-argien kableak apurtu dituzte, eta Markoidako zubitik kamioiak berriz hasi dira igarotzen.

Gerediagan hasi eta Beasaineraino helduko den errepide berriak Atxondo zeharkatuko du. Besteak beste, biaduktu handi bat egiten dabiltza, errepide berria Elorrioko saihesbideagaz lotuko duena. 2012ko udazkenean hasi zituzten lanak, eta iazko azaroan udalak prentsaurrekoa eskaini zuen hainbat irregulartasun salatzeko. Harrezkero, lau hilabete joan dira, baina, oraindik, orduan salatutako kontu batzuk ez dituztela konpondu dio gobernu taldeak.


Esaterako, Markoida inguruan badago zubi zahar bat, balio historikoa duena. Inguru horretako lurrak mugitzerako orduan “kamioiek ez dute zubi horretatik igarotzeko baimenik”, Rosa Elizburu alkatearen esanetan. Iaz salatu zuten zubi horretatik kamioiak pasatzen direla, eta “orain berriro hasi dira igarotzen”, Elizburuk salatu duenez. Horren ondorioz, inguruko kutxatila bat ere apurtu dute: “Bizkaiko Foru Aldundiak esaten du gauzak ondo egiten dabiltzala, eta ez dagoela irregulartasunik obretan, baina Atxondori modu batera edo bestera aspalditik eragiten diote lanek”.


Era berean, lanen ondorioz Hirumet ingurutik Katalinako bihurgunera arteko kale-argiak argi barik daude azken aste bietan. Herriko argiteriaren mantentze-lanak udalaren ardura dira, eta zer gertatzen zen aztertzera joan zirenean ohartu ziren “biadukturako oinarriak eraikitzen ari ziren inguruan argiteria kableak apurtu” zituztela langileek. Batetik, kableak apurtu zituztenean, “gutxienez zer gertatu den abisatu ez izana” salatu du Elizburuk. Bestetik, gaur bertan Bizkaiko Aldundian lanak eragiten ari diren kalteen berri ematen duen idatzi bat sartu du udalak. Idatzian Aldundiari eskatzen dio Markoidako zubian zein hainbat kale-argitan errepideko lanek eragindako kalteak konpontzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!