EH Bildu koalizioak prentsa ohar bidez jakitera eman duenez, Gerediaga-Elorrio errepidea eraikitzen ari den enpresa hitzartutakoa urratzen ari da lanen exekuzioari eta ingurumen kontrolari dagokienez. Koalizioak ohartarazi duenez, "inguruan eragindako kalteez gainera, hitzarmena ez betetzeak irabazi gehigarriak ekar ditzake enpresa eraikitzailearentzako".
Aitor Torre batzarkidearen berbatan, besteak beste, “ez dira zarata neurketen txostenak entregatu, ezta airearen eta uraren neurketenak ere. Errepide inguruetan zuhaitzak mozten hasi ziren, aldez aurretik faunaren gaineko azterketa egitea beharrezkoa bada ere”. Neurri horiek aurrekontuan txertatuta daudela gogorarazi du.
EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio Itziar Garamendi garraio diputatuari Batzar Nagusietan, eta elkarte emakidadunari ere, dokumentazio osoa eskatuko diote. “Lanen aurrekontuak izan duen gorakadarekin kezkatuta gaude”. 225 milioi eurotik 318 milioi eurora igo dela diote.