Gaur, 17:30ean hasiko dute manifestazioa. ELA, LAB, CCOO, ESK eta EHNE sindikatuek, Ernai gazte erakundeak, Dendak Bai merkatarien elkarteak eta Durangaldeko Bilduko zinegotziek egin dute deialdiagaz bat.
Abadiñon jatetxe bana zabaltzeko proiektuak aurkeztu berri dituzten “Mcdonald’s eta Burger King multinazionalen egitasmoek eskualdean eragin kaltegarria izango duela” adierazi gura dute manifestazioaren deitzaileek. Durangoko Ezkurdi plazatik eta Abadiñoko Traña plazatik abiatuko dute manifestazioa. “Ez zarete ongi etorriak: gure herrietako baserriak, denda txikiak eta tabernak hondatzen dituen multinazionalik ez dugu nahi”, aldarrikatuko dute. Otordu lasterren jatetxeen “eredu horren aurrean, gure apustua abeltzaintza eta nekazaritza jasangarria eta bertako merkataritza dira”, azpimarratu zuten manifestazioa iragartzeko agerraldian. Abadiñon jatetxe bana zabaldu gura duten enpresa biek “zabor kontratuak” egiten dituztela, eta “soldata miserableak” eskaintzen dituztela ere azpimarratu dute abenduaren 14ko manifestazioaren deitzaileek.